Sabin Gaztañaga euskaltzale erandioztarra omenduko dute larunbatean Sondikan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 22a, 12:07

Urtero legez, aurten bere omenaldia egingo deutso Txorierriko AEK-k Sabin Gaztañaga Koordinakundeko Bizkaiko arduradun izandakoari. Zapatu honetarako deialdia egin dabe Txorierriko AEKko kideek Sabinen lagun eta euskaltzale guztiei. Datorren zapatuan, hilak 24, eguerdiko 12:30etan, omenaldia eskainiko zaio Sabin Gaztañagari Sondikako kanposantuan. Bertan agurra dantzatu eta lore-eskaintza egingo da. Bertsoak eta gero AEKko kideek prestatutako lagun arteko luntxa izango da.

Aurten Txorierriko AEKk Txepetxa euskaltegia zabaldu zeneko 20 urte bete direla ospatuko du eta Sabin Gaztañagari egingo zaion omenaldiarekin hasi nahi du.

Sabin Gaztañaga 1954an jaio zan Erandioko Goierri auzoan, eta 1991ko irailean zendu zen, aspalditik pairatzen eban gaixoak jota. Bere bizitzaren kezka nagusia euskara izan zen, eta gure hizkuntzaren aldeko lanean murgildu zan buru-belarri, Txorierriko AEKn lehenago eta Bizkaiko arduradun gisa geroago. Kultur arloaz gain, sindikalgintzan be pertsona nabarmena eta lan handia egindakoa zan Sabin Gaztañaga.

Sabinen lana eta dedikazioa erabakiorra izan ziren AEKren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanaren garairik latzenetan (1991ko otsailaren 2an, "Euskarak AEK behar du" lemapean, manifestazio jendetsua egin zen Bilbon, Koordinakundearen eta Administrazioaren arteko elkarrizketa eta AEKren lanaren errekonozimendua eskatzeko). Eta AEKren historian betiko gogoratuko dira bere hitzak: "Ez dago AEK desegingo duen Gobernurik ezta Dekreturik ere. AEK herriarengandik sortu eta herriak mantendutako mugimendua baita".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun