Urrian hiru auziri egin beharko die aurre Albaro Arri presoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 3a, 20:28

Algortako Albaro Arri Pascual "Muni" preso politikoak hiru epaiketa ezberdin izango ditu hilabete honetan, Etengabe.org Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak iragarri duenez. Urriaren 11an, Espainiako Auzitegi Gorenak aztertuko du De la Llama sarjentuaren atentua dela-eta Arriren defentsak aurkeztutako kasazio helegitea. Auzi horretan, 10 urteko espetxe zigorra jarri zizkioten "Muni"ri, froga bakarra Mikel Azurmendik komisaldegian egindako deklarazioa izan zela. Azurmendik idazkia torturapean sinatu zuela eta bertan jasotzen dena gezurra dela hainbatetan salatu du. Bestalde, urriaren 20an jarraituko da irailaren 22an Arriren kontra abiatutako Madrilgo Ramales plazan izandako hiru hilketen auzia. Azkenik, urriaren 24an izango da hirugarren epaiketa. Madrilgo Ermita del Santo pasealekuan gertatutako bi eztanden bidez 30 pertsona hil nahi zituelakoan 701 urteko zigorra eskatuko diote prozesu horretan.

Urriak 11

Azkenean lehertu ez zen lapa-bonba baten bidez, 1994ko maiatzaren 23an Madrilen Francisco Javier de la Llama Espainiako Armadako sarjentua hiltzen saiatzeagatik 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion Arriri Espainiako Auzitegi Nazionalak iazko azaroaren 18an. Epaiketan "Muni"k, eta horrela baieztatu zuten defentsako hainbat lekukok, garai horretan Mexikon egon izana adierazi zuen.

Bestalde, Mikel Azurmendi Peñagarikano euskal presoak, aurretik egin bezala, epaiketan ezeztatu zuen 1998an sinatutako deklarazioa eta Guardia Zibilak torturatu ostean sinarazi ziola berretsi zuen. Bere garaian Azurmendik jarritako salaketa ez zen ikertu eta Guardia Zibilak inoiz ez dio aurre egin Azurmendik esandakoari.

Arriren defentsak, kontu hauen harira kasazio helegitea aurkeztu zuen. Izan ere, data berean eta Madrilen bertan gertatutako Miguel Peralta Espainiako Armadako tenientearen kontrako atentatuaren auzian Arri absolbitu zuten, Azurmendiren testigantzan oinarrituz. 2005eko urtarrilaren 6an Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren Bigarren Atalak "oso garrantzitsutzat" jo zuen Azurmendik epaiketa aurretik komisaldegian egindako deklarazioa birritan eta epaileen aurrean ezeztatu izana eta presoak egindako tortura salaketa Guardia Zibilaren aldetik erantzunik ez izatea.

Urriak 20

Datorren urriaren 20an, berriz, irailaren 22an izandako epaiketaren jarraipena izango da, aurreko eguneko bistara joan ez zen guardia zibil baten lekukotasuna eta aldeen eskaerak entzuteko. Auzi horretan 208 urteko zigorra eskatzen du fiskalak Arrirentzat, Veguillas teniente jenerala eta bi langileren heriotza leporatzen dizkiola. Irailaren 22an izandako bistaz Etengabe.org bitakorak egindako kronika hemen irakur daiteke.

Urriak 24

Albaro Arrirekin batera, Idoia Martinez eta Mikel Azurmendi presoak erruztatuen aulkian jesarriko dira urriaren 24an Espainiako Auzitegi Nazionaleako Zigor Aretoaren Bigarren Atalean. Auzi horretan, 1994ko urtarrilaren 25ean Madrilgo Ermita del Santo pasealekuan Espainiako Armadaren furgoneta baten kontra ETAk jarritako bonba-autoaren eztandaren erantzunkizun legalak ezarriko dira. Atentatuan, lehergailuak ez zuen eztanda egin, baina Tedax artezilari-gorputzak autoa lehertu egin zuen 19 zauritu sortuz. Arri eta Azurmendirentzat 701 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak 30 hilketaren saiakera eta estragoak leporatuta. Berriz, Martinezentzat 690 urte eskatu ditu, Estatu frantsesetik estraditatu zutenean estragoak ez zutelako sartu estradizio eskarian. Epaiketa hau iragan maiatzean hasteko izan zen baina datorren urriaren 24ra arte atzeratu zuten.

Gaiaren inguruko berriak:

Albaro Arriren epaiketak urriaren 20an jarraituko du (Etengabe.org) (2005 Ira 28)

Albaro Arri presoa ostegunean epaituko dute Madrilen (2005 Ira 20)

Bertan behera gelditu da Arriren epaiketa (2005 Mai 10)

Albaro Arri Algortako euskal presoari 10 urteko espetxe zigorra ezarri diote (2004 Aza 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun