Gaur goizeko 9:00etan hasi den udalbatzako punturik beroena izan da Sagastikoetxerena. Izan ere, aurreko udalbatzaren akta onartzean honi buruzko eztabaidak hasi dira. Funtsean, bi dira EAJko Udal Gobernua eta Gorlizko Talde Independentea urruntzen dituzten gaiak: eraikiko diren metro kopurua eta Eroskik kontratatuko dituen gorliztarren kopurua.
Metro koadroak dantzan
Jon Fernandez independenteak azaldu duenez, 2004ko azaroaren 30ean aurkeztu zen espedienteak 2.400 metro kopurua jasotzen zuen, Ondoren, 2005eko otsailean, udal arkitektoak 2.000 metro kopuruaz hitz egin zuen, ekainaren 21eko udalbatzan berriro ere 2.400 metro onartu ziren eta iragan den irailaren 20ko batzordean, lehenengo aldiz, 2.700 metroz egin zen berba.
Patxo Igartua alkatearen arabera, metro kopuru bakoitzari jarritako adjetiboa da arazoa. Horrela, 2.000 metroz egin denean berba merkataritza-jarduerarako metro kuadro kopurua hori delako izan da, supermerkatua zein dendek izango duten azalera, alegia. Berriz, 2.400 metro dira Eroskik izango duen tamaina, 400 metro kuadroko biltegiak kontuan hartuz. Eta azkenik, 2.700 dira ostalaritza edo beste zerbitzu batzuk gehituta eraikiko den azalera osoa. Kafetegia, jatetxea edo dena delakoa izan daiteke, edo ez, Eroskirenak.
Bestalde, Maria Rosario Arrue PPko zinegotziak bere kezka agertu du, izan ere, metro kopuru berriarekin Bizkaiko Foru Aldundiak saltoki handientzako jarritako eraikitzeko muga gaindituko den ez daki eta eskatu du arkitektoarekin batzar berri bat egitea. Horrekin lotuta, Gorlizko Talde Independenteak ezeztatu du 2.700 metro koadrorekin Foru Aldundiak jarritako mugak beteko direnik.
Bere aldetik, alkateak agindu du horri buruzko batzarra egingo dela datorren asteartean bertan arkitektoarekin, baina, EAJ ziur dagoela zerbitzuetarako diren 300 metroak ez dela zertan sartu behar Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako koefizienteen barruan, berez ez baitira izango saltoki handiko parte bat. Era berean, gaurkoa Sagastikoetxe inguruko plan partziala aldatzeko behin-behineko erabakia hartzeko baino ez zela gogoratu eta oraindik alegazioak aurkezteko aukera dagoela azpimarratu du.
Lanpostuak
Une horretan, Gorlizko Talde Independenteak Sagastikoetxeko gaia baztertzeko beste kezka bat mahaigaineratu du. Emma Calzadak gogoratu duenez, ekaineko udalbatzan ere GTIk kontran agertu zen, Gorlizko semealabentzat 24 lanpostu ez baitziren ziurtatzen. Calzadaren arabera, orain gaia berean mantentzen da eta, gainera, horri buruz udal aldizkarian "gezurra" esan da, titularrean 24 lanpostuak agintzen baitira.
Calzadari erantzunez, testuan bertan gaia argitzen dela azaldu du Igartuak. Gutxienez, 96 hautagai gorliztarrak badaude eta horietako 24k Eroskik jarritako probak gainditzen badituzte, orduan 24 lanpostuak Gorlizko langabeentzat izango direla baieztatu dio.
Gauzak horrela, eta gaia bozkaketara eramanda, Sagastikoetxe inguruko plan partziala aldatzeko behin-behineko erabakia onartu da EAJ eta PPren baiezko 7 botoekin eta GTI eta EAren 4 ezetzekin.