Txalapartari bihurtzeko aukera izango dute bihar Algortara hurbilduko diren guztiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 23a, 20:11

Bihar larunbata, goizeko 10:00etatik aurrera, II.Txalaparta Jaia ospatuko da Algortan, UKTEST, Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak antolatuta. Jaiaren asmoa "txalaparta kalean izatea eta nonnahi ikustea da" Carlos Galan UKTEST elkarteko kideak azaldu duenez. Izan ere, hurbilduko direnek txalaparta hobeto ezagutu dezaten jarri du xede taldeak, baita euskara eta euskal kultura bultzatzea ere. Horretarako, gero eta jende gehiago hurbiltzea, inplikatzea eta parte hartzeari garrantzi handia eman diote eta biharko prestatu dituzten 8 guneetara hurbilduko direnei "lotsa kentzea" eta beldurrik gabe "txalaparta jotzen probatzeko eta gustua hartuz gero aurrera jarraitzeko" eskatu diete. Bere aldetik, UKTESTek ahal den guztia erraztu du bidea: txalapartarekin lehenengo kontaktua dutenentzako Herrena gunea edo esperientzia apur bat dutenentzako Ttakun guneaz aparte, hainbat gune izango dira, tartean Dimako txalapartari batek norberak bere txalaparta zelan egiteko aholkuak emango dituena. Argazkian, txalapartari gazte bi Korrika egunean / UKTEST.

Carlos Galanek adierazitakoaren arabera, iazko edizioarekin alderatuta hainbat aldaketa izango dira aurten. Adibidez, Telletxe kalea dendarien azoka txikiak hartuta dagoenez, Torrene eta Zabala kaleetara hedatuko da txalapartarien eremua. Bestalde, jai osoa autogestionatua izateko aurten jende gehiago arituko da gune guztiak prestatzen, guztira 15 pertsona, tartean umeentzako begiraleak edota 120 lagunentzako bazkaria prestatuko duen sukaldaria. Jende kopuru horrek bermatuko du arratsaldean ekitaldi gehiago antolatu ahal izatea eta goizez umeentzako jolasei garrantzia ematea.

Jaia goizeko 10:00etan hasiko da Tangora plazan eta inguruetan. Era berean, Umeentzako gune berezia eratuko dute, txalaparta txikiekin. Beste alde batetik, UKTEST taldeak antolatutako ikastaroetan parte hartu duten pertsonek euren ezagutza praktikan jartzeko aukera izango dute, Ttakun gunean. Beste gune bat ere egokituko dute txalapartak zein egurrarekin egiten diren erakusteko, eta kolektiboak antolatzen dituen ekitaldien eta kurtsoen berri emateko ere aprobetxatuko dute eguna. Nahi duenak ere talo-jana egiteko aukera izango du.

Bestetik, arratsaldeko 15:00etan herri-bazkaria izango da, San Nikolas plazan, trikitilari, bertsolari, kanta eta jolasekin. Horrez gain, 19:00etan Zorabio izenburuko ikuskizuna ikusi ahal izango da, txalaparta eta kapoeira nahasten duena. Egunari amaiera emateko, kalejira egingo dute, eta Lainoa tabernan ez dira faltako txalapartariak eta DJak, gaueko 22:00etatik aurrera.

Galanek adierazi bezala, "garrantzitsuena da jendae pozik geratzea", eta horretarako "ikusle gutxiago eta parte-hartzaile gehiago" ekuazioa erraztu nahi izan dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun