"Eskutik euskara", animatu lagun bat euskara ikastera!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 23a, 20:31

Kontseiluak "eskutik euskara" kanpaina abian jarri du. Herrietan zabalduko den proposamen bat da, horrekin euskaldunei eta euskara ikasten ari direnei lagun edo senideren bat euskara ikastera animatzeko konpromisoa har dezatela eskatu diete. "Euskararen normalizazioa lortzeko gizartea euskaldundu nahi dugu, gure ingurua euskaldundu behar dugu", adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Aurkezpen-agerraldian euskara ikasteko konpromisoa hartu zuten eredu bat izan da. Prentsaurrekoan oso ezaguna den Itziar Ituiño, "Goenkale" telesailean eta hainbat film eta antzezlanetan lan egindako aktorea izan da. Bere burua euskaldundu dueta orain ingurukoek euskara ikastea nahi du euskaraz bizi ahal izateko. Hori dela eta, euskaldunek konpromisoa har dezaten deia egiteko azaldu da. (Argazkian, Itziar Ituño aktorea Xabier Mendigurenekin).

Kanpaina honen leloa "eskutik euskara" da. "Eskutik eskura zabaldu nahi dugu euskara, euskararen bidea egiteko lagun baten eskutik egitea proposatzen dugu", azaldu du Mendigurenek.

'Eskutik euskara' leloa Euskal Herri osoko 150 euskaltegitan zabalduko da kartel eta txartelen bidez, eta euskalgintzako mila pertsonaren laguntza izango du herrietan hedatzeko. "Euskaldunen eta euskara ikasleen eskura jarri ditugu txartelak lagun edo senide baten datuak apuntatzeko eta euskaltegian uzteko", argitu du Kontseiluko Ekintza Planeko arduradunak, Mikel Balentziagak. Izan ere, datuak eman baino lehen lagun honen baimena izatea eskatu diete.

Ekimena hila bukatu arte herrietan hedatuko da, euskaltegietan matrikula egiteko epea bukatu arte. "Momentu honetan hartu beharreko konpromisoa dugu", esan du Balentziagak.

Norbanakoen konpromisoak

Hau guztia, Kontseiluak aspaldi abian jarritako "norbanakoen konpromisoak" ekimenaren pauso berria da. "Aurrekoan errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin genuen eta oraingoan lagun bat euskara ikastera animatzekoa", gaineratu du Ekintza Planeko Arduradunak.

"Hizkuntzaren normalizazioaren zeregina belaunaldi berriei bakarrik uztea ez da nahiko, helduek ere badute euskararekiko konpromisoa", animatu ditu Kontseiluko Idazkari Nagusiak.

Euskaldunon konpromisoa euskara erabiltzeaz gain, lagunak euskaltegira eramatea ere badela adierazi du Xabier Mendigurenek. "Gutariko bakoitzak lagun bat euskaltegira eramanez bultzada handia emango genioke helduen euskalduntze-mugimenduari", esanez bukatu du.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun