UTGIAGek gogoratu du irailaren 16an 4.271 sinadura aurkeztu zituela Getxoko udal erregistroan eta iragarri du 30ean burutuko den udal batzarra baino lehen beste sinadura sorta aurkeztuko duela. Taldearen arabera, orain arte Udal Gobernuak ez dio herritarron aldarrikapenari erantzunik eman, eta datorren urterako aurreikusita dituzten tasa igoerak baino ez ditu iragarri: "Nola liteke milaka getxoztarron idatzizko eskaera aipatu ere ez egitea?".
Getxoko Udal Gobernuko kideek jarrera alda dezaten eta zarama tasarekin zein udal igerilekuetarako sarrerarekin "egin duten astakeria" zuzen dezaten, herritar ekimenak atxikimenduak biltzen jarraituko ditu, bai taldeak berak jarritako mahaien bidez, baita hainbat denda, saltoki eta tabernatan dauden sinadura orrien bidez.