"Cocidito madrileño" ikusteko aukera dago asteburu honetan Getxo Antzokian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 23a, 22:25

Ostiral eta larunbat honetan, "Cocidito madrileño" antzezlana ikusteko aukera dago Algortako Getxo Antzokian; irratsaio ezagun batean oinarritutako komedia da berau. Egun bakoitzeko bi izango dira emanaldiak, 20:00etan eta 22.30ean alegia. Sarrerak, 15 euroko prezioa dutenak (12 euro erretiratuentzat eta Gazte Txartelaren erabiltzaileentzat), BBKren zerbitzuanitzeko kutxazainetan ere eskura daitezke.

"Cocidito madrileño" irratiko uhinak Algortara iritsiko dira umore eta ironiaz gainezka. Eloi Beato zuzendariaren lana Radio Euskadiko "Más que palabras" irratsaioaren egokitzapena da. Argumentua irratsaio baten ingurukoa da, "Azul-Colorado" izenekoa. Bertan oso gai eztabaidagarriak aztertu eta ustekabeko bisitak hartuko dituzte. Euskara, homosexualitatea, ikastolak, eliza, euskal kirola, Euskal Herriko politikaren alorreko hainbat pertsona ezagunak, Madrilgo tertulien partaideentzako inspirazio iturri izango dira. Obra honen helburua komunikabide batzuek Euskal Herriarekin duten jarrera umorez islatzea baino ez da.

Hurrengo antzezlanak

Urrian, "Nasdrovia Chejov" (14 eta 15ean), "Como agua para chocolate" (16an), "Au revoir, arrakastadunak" (21 eta 22an) edo "Les diables noir" (23an) bezalako lanak hartuko dituzte Antzerki Jardunaldiek. Urriaren 8an Yllana konpainiaren "Star Trip" antzezlana egongo da ikusgai. Azaroaren 26an, ·"Cuentos de burdel" muntaia egingo dute, bertan Beatriz Carvajal eta Miguel Rellan dira aktore zerrendaren buru. Azkenik, abenduan Markeliñe konpainiaren "Igandean, piratek jai" haurrentzako lanaren txanda iritsiko da. Sarrerak Getxoko Kultur Etxean (Villamonte A-8, Algorta), BBKren zerbitzuanitzeko kutxazainetan eta www.getxo.net webgunean eskura daitezke, edo, bestela, 94 491 40 80 telefono zenbakiaren bidez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun