Popularrek zentsura mozioa deitu zuten Iñaki Zarraoak abuztuaren 1eko ordu txikietan Algortan izandako kale erasoen inguruan egindako deklarazioen harira. Zarraoak normaltzat jo zuen jaiak zirela eta Ertzaintza Algortatik ez ibiltzea eta gatazka sindikalean zeuden udaltzainei bota zien gertatutakoaren erantzunkizuna.
Gaur, ia bi hilabete geroago, Basagoiti eta Arrue mozioarekin jasotako porrota EBri leporatu diote. Horrela, EAJrekin dituen "loturei", "politika hobetzea baino EAJrekin besaulkiak partekatzeko duen kezkari" eta Ezker Batuaren "adore ezari" egotzi diete EB-Berdeek EAEko "alkaterik okerrena" ez aldatzea, "nahiz eta Zarraoa Getxorako ez dela ona onartu".
Mozioaren ordezkoa
Mozioaren ordez, datorren ostiraleko Udal Batzarrean Zarraoaren gestioa gaitzesteko ekimena aurkeztuko dute. Basagoitiren ustez, ekimen horren bidez Zarraoa ohartaraziko dute "Batasunaren ingurunearen ordez, Getxoko gehiengoa ordezkatzeko".
2003ko maiatzaren 25eko udal hauteskundeetan, Getxon EAJ-EA koalizioak 20.280 boto eta 11 zinegotzi eskuratu zituen; bigarren PP izan zen 16.102 boto eta 9 zinegotzirekin; PSE-EEk 6.351 boto eta 3 hautetsi lortu zituen. EB Berdeak 3.538 boto izan zituen eta Hautes Batzordeak 2 zinegotzi eman zizkion, Getxo Biziak eskuratutako 2.756 botoak baztertu ondoren, Espainiako Alderdien Legeari jarraiki. Bazterketa hori gabe Getxo Biziari zinegotzi bat onartuko zioten. Aralarrek, berriz, 1.294 boto eskuratu zituen eta erabiltzen diren D'Hondt Legea eta %5eko mugarik gabe zinegotzi bat izango luke.
Hauteskunde kanpaina osoan zehar Basta Ya! elkarteak, PSE-EEk eta PPk Zarraoa alkatetzatik kentzeko helburua jarri bazuten ere, Udal Gobernurako bozketak izan zirenean, Espainiako konstituzionalistek ez zuten bat egin. Horrela, nahiz eta EB-Berdeak abstenituko zela aurretik iragarri, Zarraoak lortu zuen alkatetza 11 botoekin, bere atzean Marisa Arrue, 9 botoekin, eta Almansa, 3 botoekin, gelditu zirela. Hilabete batzuk beranduago, EB-Berdeak EAJ eta EArekin hitzartu zuen udal gobernua.