"Eskuma gogorrarekin" ituna egitea baztertu du Ezker Batuak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 26a, 20:46

"Eskuma gogorrarekin ituna egiteak udalerria benetako gizarte eraldaketa progresistara hurbiltzen ez duelako" baztertu du EBk Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearen kontrako zentsura mozioa, Alderdi Popularrak goizean emandako prentsaurrekoari erantzunez Getxoko Ezker Batua-Berdeak kaleratutako prentsa oharraren arabera. Era berean, Iñaki Urkiza eta Aitor Lafuentek baztertu dute Antonio Basagoitik iradoki bezala, "asmo pertsonalengatik edo alderdikeriagatik" mozioa baztertu izana: "horrela izatekotan, alkatetza onartu egingo genuen". Argazkian, Iñaki Urkiza Iñaki Zarraoaren ezkerrean.

Alderdi federalistaren esanetan, "gure asmo bakarra guztiontzako Getxo bat lortzea da, gure auzokideek dituzten arazoekiko sentiberatasun handiagoa duena, eta EAJrekin hitzartutako udal gobernuko ituna hori lortzeko bideratuta dago". Gauzak horrela, EBk ez du ezkutatu hainbatetan alkatearen iritziekin bat etorri ez eta publikoa egin dutela, baina gogoratu dute akordioa "EAJrekin dela, ez Iñaki Zarraoarekin". Zentsu horretan, "gure siglak erabiliz ideia eta proiektuen inguruko adostasunen ordez jasarpen pertsonalak egitea" ez dutela inoiz bermatuko azpimarratu dute.

PP eta Ezker Batuaren arteko batzarraren inguruan, zinegotzi federalistek popularrei alkatearekin dituzten "arazo pertsonalak konpontzeko akordioak bilatzeko beharrari" buruz hitz egin zietela baino ez dute argitu. PSE-EEri, berriz, mezu bat bidali diote: "Getxon PP jarraitzeko politikari uztea eta udalerriko gizarte eraldaketa progresista bilatzen duten indar politikoekin batzeko".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun