Azken urteotako ikasturte hasieretan euskarazko irakaskuntzan ohikoak bihurtu zaizkigun arazoei, hezkuntzaren euskalduntzearen inguruko eztabaida bizia gehitu zaio ikasturte hasiera honetan.
Euskal Herrian, bizi dugun zatiketa administratiboaren araberako, hezkuntza eta hizkuntza politika ezberdinak indarrean daude, instituzio bakoitzaren arduradunaren estrategia politikoari erantzuten diotenak. Hau honela izanik ere, lurralde osoan daude euskaraz ikasteko arazoak, azken urteotan hor dirautenak eta ikasturte hasiera guztietan azalean geratzen direnak.
Joera orokorra da, gero eta guraso gehiagok beren seme-alabek ikasketak euskaraz egitearen aldeko hautua egiten dutena. Horren aurrean, berriz, administrazioek gehitzen dutena, baliabideak izan ordez, oztopoak eta trabak dira. Honen adibide ditugu Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan Seaskak dituen arazoak, edota Iruñeko Patxi Larrainzar eta Ezkaba ikastetxeetakoak. Baina, ez hori bakarrik. Esan bezala, aurten beste eztabaida bat gehitu zaio ikasturte hasierari; bereziki, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ematen ari dena.
Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hezkuntza sistema, administrazioko gainerako arloak bezalaxe, Estatu frantsesaren esku dago. Orokorrean, iaz baino ikasle gehiago dituzte euskarazko sarean, irakasle postuak, aitzitik, gutxiago dira. Berdintasunaren izenean ukatzen dizkio estatuak euskarazko irakaskuntzari beharrezkoak dituen baliabideak. Nafarroa Garaian ere, ikasturte hasiera beroa izan da eta UPN-ren politika erasokorrak markatu du epe hau. Zenbait ikastolen egoera legalarekin dagoen arazoak bere horretan darrai, adibidez. Baina, ikasturte hasiera honetan, aurrekoaren amaieran bezala, bi ikastetxe izan ditugu bereziki protagonista, Errotxapeako Patxi Larrainzar eta Antsoaingo Ezkaba. Nafarroako gobernuaren erantzuna, espero genuena: ikasle euskaldunak bigarren edo hirugarren mailako herritarrak bailiran tratatzen dituzte. Baldintza duin minimoak ukatuz. Bi ikastetxe hauetako gurasoek, Seaskako gurasoek egin duten bezala, mobilizazio dinamika garrantzitsuarekin erantzun diote erasoari.
Eztabaida bizia
Aipatu bezala, ikasturte hasiera arazo hauek eta eztabaida batek markatu dute, bereziki. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hezkuntza ereduen afera pipilean dugu-eta. Ikasturte hasiera delako, batetik eta hezkuntza sailburua berria delako, bestetik. Orain 23 urte, konplexuz beteriko Jaurlaritzak hezkuntza sisteman hiru hizkuntza eredu ezarri zituen. Irakaskuntza zein euskalgintzako eragileok, berehala ikusi genizkion arazoak. Jaurlaritzak, 23 urte behar izan ditu politika honen porrota publikoki onartzeko, baina gaur egun, jendartearen gehiengoak onartzen du hau, baita Lakuak ere. Lehengo ikasturtean 16 urteko ikasleen artean egindako azterketaren emaitza txarrek agerian utzi zuten ereduen politikaren porrota. Argi geratu da, beraz, gaur egungo ereduekin eskolak ez duela euskalduntzen. Ez A ereduak eta ezta B ereduak ere. D eredua da euskalduntzen duen bakarra, nahiz eta hainbat gabezi agerian geratu den. Orain arte ereduen politika defendatu dutenentzat ere, defendatu ezinezkoa bihurtu da, ondorioz.
Honen aurrean, sektore ezberdinetatik hasi dira jada moldaketak nondik egin behar direnaren inguruan hizketan. Ildo honetan, erdarazko eredua denborarekin desagertu egingo dela adierazi du Tontxu Campos Hezkuntza Sailburu berriak. Hezkuntza eleanitzaren aldeko bandera astinduz. Adierazpen horrek, lotsa galdua duen sektore erdaldun eta erdaltzalea asaldatzea eragin du.
Aipatu sektorea, hilabete batzuetatik hona eztabaida honetan protagonismoa hartu nahian dabil. PP eta egonkortasuna galdu duten irakasle erdaldunak, kasu. Hauek ere, frantsesen moduan berdintasunaren izenean bultzatu nahi dute hizkuntza zapalkuntza. “Egonkortasuna diskriminaziorik gabe” da beraien leloa. Eskubideak ezin direla murriztu aldarrikatuz betetzen zaie ahoa. Eskubideak baino, zenbaiten pribilegioak esatea egokiagoa litzateke. Izan ere, lanpostua eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzeko inongo asmorik ez duten zenbait lagunen lan baldintzak hobetzea, ehunka ikasleen oinarrizko giza eskubideen bermearen gainetik jartzen dute. PSE-k ere bere iritzia eman du, ereduak moldatzeko proposamena eginez, beti ere aukera ezberdinak ematearen alde agertuz.
Ereduen politika ausardiaz gainditzeko garaia
Ezin dugu ahaztu, ereduen sistemarekin orain arte egindako kalteen erantzule nagusia, hala ere, Lakuako gobernua dena. Honi irtenbidea emateko garaia heldu da eta Jaurlaritzari arduraz jokatzea dagokio une honetan. Euskaldunok ezin baitugu onartu egoera hau urte gehiagoz luzatzea. Baina, kontuan izan behar dute ez dela arazo estrukturalei sasi- irtenbideak emateko garaia. Lehen esan bezala, gero eta ikasle gehiago dira ikasketak euskaraz egiten ari direnak, baina gaur gaurkoz, oraindik ere, hamar gaztetatik sei ez da eskola bidez euskaldunduko (Euskal Herrian), hasi berri den ikasturteko matrikulazio datuak kontuan hartzen baditugu. Egiturazko aldaketa beharrezkoa dugu, hortaz. Ausardiaz jokatzeko unea da, egoerak hala eskatzen baitu.
Euskalduntzearen aldeko indar metaketa
Honela bada, instituzioentzat ikasleen euskalduntzea lehentasun politikoa izan behar da. Hori gauzatu dadin beharrezkoak diren neurriak hartu eta indarrean jartzeko unea da. Baina, kontuz, sektore batzuetatik eredu bakarra, malgua aldarrikatzen hasi dira. Eta ikastetxe bakoitzari aukeratzeko ahalmena eman nahi diote. Bide honek, orain artekoak eragin dituen kalte berberak eragiteko arriskua dago, baldin eta ez bada hori ondo zehazten. Instituzioei dagokie aipatu lana egitea, baina alderdi abertzale guztiek ere behar den mailan erantzun behar diote sortu den egoerari. Euskalduntzeari beharrezkoa den lehentasuna emanez. Euskararen alde ari diren eragile eta herritarrek ere paper garrantzitsua betetzen dute lan honetan. Guztiak eskolak euskaldundu dezan presio dinamikan murgiltzera deitzen ditugu. Euskalduntzearen aldeko indar metaketari ekiteko une ezin aproposagoa dugu hau. Guztion inplikazioa beharrezkoa da afera honetan.
Aldaketaz ari gara eta aldaketak, gainera, errokoa izan behar du, gaur egungo egoera iraultzerainokoa. Aldaketak gainera, Euskal Herri osoarentzat egin behar du. Euskaraz ikastea eskubidea da, berdin Baionan, Iruñean edo Bilbon. Salbuespenik gabe eta bakoitza bizi den lekuan bizi dela ere, euskararen ezagutza belaunaldi berri guztiei bermatu behar zaie.
Amaitzeko, argi adierazi nahi dugu ereduen politikaren gaindipena ezin dela soilik hiru lurraldeei begirako planteamendu huts eta zatikatzailea izan. Euskal Herri osoan euskararen ezagutza bermatuko duen eredu bakarrerantz iristeko norabidean kokatu behar da. Behar den arduraz jokatzeko garaia da.
Euskal Herrian Euskaraz