Euskarak babes handiagoa behar du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 27a, 20:48

Kontseiluak eta Behatokiak Europako Kontseiluko adituek kaleratutako azken hizkuntza-gutxituei buruzko txostena aztertu dute. Txosten horretan Behatokiak eta Kontseiluak behin eta berriro salatutako eskubide urraketak berresten dira. "Euskarak babes handiagoa behar duela aitortu digute Europatik", oroitarazi du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Mendigurenek euskalgintzak joan den urtean Adituen Batzordearekin izan zela gogoratu du. Bilera horretan Hego Euskal Herria osoki hartzen duen txostena aurkeztu zuten. Ondoren, adituek gizarte eragileek helarazitako informazioa izan dute, beraz, "kontrastatzeko aukera izan dute", aipatu du.

Europako Kontseiluko txostenak Behatokiak urteko txostenaren bidez egiten dituen diagnosiekin bat dator. Adibidez, marko juridikoaren eta horren praktikaren arteko aldea aipatzen du, "hau da, legeak eskubide bat aitortzeagatik ezin da ondorioztatu eskubide hori bermatzen denik", argitu du Mendigurenek.

Informazio eskasa

Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak, bere aldetik, azterketaren zehaztasunak azaldu ditu. Hasteko, nabarmendu du adituek ezin izan dituztela baloratu hainbat konpromiso bete diren, daturik helarazi ez zaielako. "57 konpromiso hartu ziren eta 20 baino gehiago ezin izan dituzte baloratu informazio osoa izan ez dutelako", plazaratu du.

Kezkagarritzat jo du Ministroen Kontseiluak txostenaren bidez egindako sei gomendioetatik hiru zuzenean euskarari lotzen zaizkiola, "eta beste bi beste hizkuntzekin batera".

Espainiako Estatuko Administrazioari dagokionez, Paul Bilbaok salatu du Administrazioek ez dituztela konpromisoak bete. "Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa izan da", adierazi du.

Napartheid

Nafarroako kasuan zonifikazioaren "baliogabetasuna" nabarmendu du. "Europako adituek agerian utzi dute Nafarroaren zonifikazioaren logikotasun eza", azpimarratu du Behatokiko zuzendariak. "Gizarte eragileok helarazi genizkien datu demolinguistikoek horren inkoherentzia aski garbi utzi zuten", gaineratu du.

Osakidetzaren euskalduntze prozesua ere agertu da Europako Kontseiluak argitaratutako txostenean. "Osakidetzan hartutako neurriak askiezak direla aitortu dute", esan du Paul Bilbaok.

Justizia arloan, bestetik, marko juridikoaren aldaketa eskatu dute adituek. "Oso interesgarria da behin eta berriro errepikatzen den baieztapena, alegia, gaztelania jakitea ez dela arrazoia euskaraz ez egiteko", argitu du.

Horri guztiorri begira, Kontseiluko idazkari nagusiak dagokion administrazioari eskaera zehatzak egin behar dizkiotela azaldu du, "Ministroen Kontseiluak kaleratu dituen gomendioei ahalik eta lasterren erreparatzeko". Adibide gisa, Justizia Adminstrazioa, Lanbide Heziketa eta Nafarroako zonifikazioa aipatu ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun