Zientzia dibertigarria dela erakusteko DBHko ikasleen olinpiada martxan jarri dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 27a, 21:30

Elhuyar Fundazioak IV. Zernola Olinpiada jarri du abian Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Lehiaketa horren helburua gaztetxoei zientzia dibertigarria dela erakustea da. Olinpiada urrian hasi eta maiatzean amaituko da, eta bukaeran hainbat sari banatuko dira, Elhuyar Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez. Lehenengo bi gela irabazleek aterpetxe baterako bi eguneko egonaldia irabaziko dute, hirugarren sailkatuak, aldiz, Sobronerako txango bat irabaziko du, eta, han, kanoan ibiltzeko eta abentura-parkean jolasteko aukera izango dute. Dagoeneko eman daiteke izena www.zernola.net atarian.

Lehiaketan parte hartuko duten gelek www.zernola.net atarian argitaratuko den zientziaren inguruko proba bat gainditu beharko dute hilero, urria eta apirila bitartean. Probak gelakide guztien artean egiteko dira. Erantzuna landutakoan, posta elektroniko bidez bidali beharko dute. Olinpiada-amaierako sariez gain, hilero banatuko ditu sariak Elhuyar Fundazioak.

Berriak, Donostiako Aquariumek, Gaztetxulo aldizkariak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Zientziaren Kutxaguneak, Kukuxumusuk eta Karpin Abenturak eskainitako sariak jasoko dituzte aurten hilabete bakoitzeko probak ondoen egiten dituzten ikasgelek. Lan irabazleak www.zernola.net atarian egongo dira ikusgai. Olinpiadaren bukaeran, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko aukera izango dute Iruñeko planetarioan egingo den festa batean.

Hiru urtez

2002-2003 ikasturtean jarri zen lehenengo aldiz martxan Zernola Olinpiada, eta iazko ekitaldian Euskal Herriko 61 ikasgelek hartu zuten parte. III. Zernola Olinpiadan parte-hartzaileak, besteak beste, zientzia-kazetari, ilargian galdutako astronauta eta saguzarren ikertzaile izan ziren.

"Zernola Olinpiadan, ZN lagunek, beren abilidadeak azaltzeaz gain, praktikan jarri behar dute eskolan natur zientzietako, teknologiako eta matematikako irakasgaietan ikasten dutena, eta ikaragarri ondo pasatzen dute, gainera", esan du Zernola atariaren arduradun Aitziber Lasak.

"Orain arteko esperientziaren arabera, Zernola olinpiada oso motibagarria izan da bai ikasleentzat eta bai irakasleentzat. Elhuyar Fundazioan, gainera, oso gogoan hartzen ditugu irakasleak, eta haien eskakizunak zintzo betetzen ditugu, ikasleentzako jarduera erakargarria ez ezik, irakaslearentzako tresna erabilgarria ere izan dadin Olinpiada", gaineratu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun