Tokiko Agenda 21 ekimenaren barruan, "ingurumenaren hobekuntzan laguntzeko" bi kanpaina abian jarriko ditu Berangoko Udalak. Alde batetik, urritik aurrera, erabilitako arropa, oinetakoak eta bestelako osagarriak jasoko dituzte Sabino Arana kalean eta Simon Otxandategi etorbidean jarritako edukiontzien bidez. Ondo itxitako poltsetan sartu beharko dira ontzietan. Sukaldeko olioa gordetzeko, berriz, bost litroko bidoiak banatuko ditu dohainik Udalak. Betetako ontziak jasotzeko, hilabetean behin furgoneta egongo da frontoi parean, 10:00etatik 12:00etara, eta Hiper Eroski ondoan, 12:00etatik 14:00etara. Udal iturriek jakinarazi dutenez, 2005ean eta 2006an hilabete bakoitzeko hirugarren asteartean jasoko da olioa; otsailean izan ezik (bigarrenean).
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!