Algortako Karitate, Erribera eta Torrene kaleetan eta Algortako etorbidea, Mariandresena kalea eta Basagoiti etorbidearen bidegurutzean hainbat lan egitea aurreikusi du Getxoko Udalak. Iñaki Zarraoa alkatearen arabera, jarduera horiek dituzten helburuak oinezkoen irisgarritasuna hobetzea eta, aldi berean, autoen abiadura moteltzea dira”. Karitate, Erribera, Torrene eta Basagoiti etorbidearen gunean lanak 354.009 eurotan esleitu dira eta martxoaren amaierarako bukatuta egon beharko lirateke. Obrak trafikoa moztu gabe egin nahi ditu Udal Gobernuak, baina Zarroak onartu du "une askotan kale erdia itxita egongo dela".
Bestalde, Algortako etorbidea eta Mariandresena kalearen bidegurutzean, gasolindegitik hurbil, gaur egun dauden oztopoak kentzeko lanak egingo dituela iragarri du Udal Gobernuak. Gainera, autobusen geltokiak ez daude era egokian jarrita, espaloia estua baita, eta zailtasunak ere sortzen dira gasolindegiaren aurretik doan Algortako Etorbideko espaloian, jarraipenik ez dagoelako.
Azkenik, Algortako etorbidea eta Torrene kalea elkartzen diren tokian, zebra bideari altuera emango diote espaloiaren mailan gelditzeko, Karitate kalearen sarreran bezala. Bestalde, Getxoko Irisgarritasun Egitasmoaren barruan, Algortako Santiena, Goiarzu eta Ereagako Jaitsiera kaleetan barandak ipintzea aurreikusi du Udalak. Lanak oraindik ez dira esleitu, baina lehiaketa dagoeneko deituta dago.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.