Euskal surflaririk onenak norgehiagoka arituko dira Sopelan asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 28a, 12:53

Larunbata eta igandean, urriak 1 eta 2, "El Diario Vasco"-Euskal Surf Zirkuituko hirugarren eta azken proba jokatuko da Arrietara-Atxabiribil hondartzan, zirkuitua osatzen duten bost mailetan: Open, emakumeak, 18tik beherakoak, longboard eta taldeka, Euskal Herriko Surf Federazioak jakinarazi duenez. Proba hunkigarria izateko osagai guztiak ditu. Alde batetik, mailarik nagusienean, Open maila, titulua eramango duen surflaria bertan erabakiko delako eta, bosgarren postuan sailkatuta badago ere, Getxo Surf Taldeko Jon Garaik baduelako txapela eskuratzeko aukera. Bestetik, surflari gazteenen artean bat baino gehiago mehatxu bat izatetik titulua eramateko aukera gehien dituztenen artean kokatzera pasatu delako, 15 urteko Marcos Sansegundo zarauztarra kasu.

Open mailan, hainbat dira irabazteko aukera dezente dutenak: Garaik 27 urterekin esperientzia handia dauka eta hainbatetan txapelduna izan da; Miguel Cabada, pasa den urteko irabazlea, 7. postutik salto ederra eman dezake; Txaber Trojaola bakiotarra Zurriolan irabazi ostean iaz lortu ez zuen txapelaren bila joango da; Karlos Gomez zarauztarra aurtengo lehenengo proba irabazi du; Marcos Sansegundo gaztea; eta, azkenik, Jesus del Solar Groseko Indarra Surf Taldekoa.

Neskak, sopeloztarrak

Emakumeen artean, etxean jokatuko duen Vanesa Bustillo da faboritoa, abantaila handiarekin gainera, titulua eramateko. Bere atzean Lore Eizagirre eta Idoia Meabe zarauztarrak Peña-Txurikoaren hanka-sartzeren batez baliatzea saiatuko dira.

18 urtetik beherakoen artean, berriz, zarauztarren txanda da Indar Unanue eta Mario Azurza baitira faboritoak. Eskualdeko surfzaleen itxaropena Juan Martinez Intxausti barrikoztarrarengan eta Ager Sanchez getxoztarrarengan jarrita dago.

Taldeka, getxoztarrak

Longboard mailan ere, esperientziak menperatuko duela dirudi, Haritz Urbieta zarauztarra baitaukagu berriro ere buru, gipuzkoarren arteko norgehiagokan. Beraz, gainontzeko sorpresak, surf taldeen kategorian izango ditugula dirudi. Momentu honetan Euskadiko surf talde indartsuenak menperatzen dute rankinga, Zarautzko Surf Elkartea eta Getxo Surf Taldea. Gainera, olatu parteak itxura bikaina daukate eta badirudi hasi berri den udazkenak olatu politak oparituko dizkigula. Baldintza ezin hobeak, euskal surf zirkuituko azken frogaz gozatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun