Del Bado Ogasun Arloan sartu zen pasa den irailaren 15ean, behin behineko funtzionario gisa, Iñaki Zarraoa alkateak sinatutako dekretua dela medio. Arrueren arabera, gaur egun Del Badok aritzen den arloa "udalaren garrantzitsuena da" eta bertan udalerriko auzokide zein enpresen datu ekonomikoak eskura izango ditu langileak. Horregatik, Arruek bere "kezka eta alarma" agertu du.
Ez da lehenengo aldia Arruek Del Bado kaleratzea eskatu duena, izan ere, hilabete honetako 14an PPk orduan Langileria, Antolaketa eta Informatika Arloko teknikaria zena kontratatu izana gaitzetsi zuen eta bere lanpostutik kentzea eskatu zion alkateari, Zarraoaren ezetza jasoz.
18/98 sumarioan auziperatua
Sabin del Bado prozesatuen eskubideak urratzeagatik nazioarteko jurista askoren kezka piztu duen 18/98 makrosumarioan auziperatuta dago. Bruselako HBko egoitzaren arduraduna, EAEko legebiltzarkide, eta Bizkaiko batzarkide izandakoa 2000ko otsailaren 1ean atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Baltasar Garzon epailearen aginduz, Xaki elkarteko diruzaina izateagatik. Urte bereko uztailaren 12an aske gelditu zen, 30.000 euroko fidantza ordaindu eta gero. Geroago, 2001eko otsailaren 8an, argi gelditu zen ez zegoela arrazoirik kartzelan emandako sei hilabeteentzako, epaileak beraren kontrako zantzurik ikusi ez eta Xaki auzitik aske utzi behar izan zuenean.
2002ko abenduaren 19an, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalera deitu zuten Batasunako finantziazioa eta herriko tabernen auzian deklaratzeko. Aske gelditu zen 12.000 euroko fidantzapean. Hiru urte beranduago, 2005eko urtarrilaren 25ean, auzipetze agiria eman zioten. 2005eko irailaren 14tik aurrera Alderdi Popularrak bere lanpostutik botatzea eskatu du behin eta berriro.