Berdintasunerako bidean, gizon getxoztarren parte hartzea bilatu nahi du ikastaro batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 28a, 15:45

“Gizonok sexismoari aurre egiten” lelopean, udalerriko gizonezkoentzako prestakuntza eta hausnarketarako tailerra antolatu du Getxoko Udaleko Berdintasun Arloak. Ekimenaren helburuak dira “gizonezkoaren eredu tradizionala zalantzan jartzea eta eredu horrek, hala gizonezko, nola emakumezkoentzat, dituen ondorioak aztertzea; gizonezkoek sexismoaren barruan eta sexismoari aurre egiterakoan duten zereginari buruz hausnartzea; eta bai euren artean, bai emakumeekiko, berdintasunezko harremanak nahi dituzten gizonen arteko elkartrukerako esparrua eskaintzea”, Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez.

Getxoko Udaleko Berdintasun Arloak gogoratu nahi duenez, XX. mendearen azken laurdenean zenbait aldaketa adierazgarri gertatu arren, emakumeen aurkako indarkeria bezalako gaietan, edo etxeko lanen eta zainketa lanen banaketa desorekatua bezalako gaietan ikus daiteke, oraindik ere, sexismoak egun indar handia duela gure inguruan eta aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa dela gizonezkoen parte hartzea. “Halaber, ezin dugu ahaztu, era sotilagoan bada ere, sexismoa gizonezkoen kalterako ere badela” azimarratu du Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gaur goizean emandako prentsaurrekoan, “berdintasunerako bidean gizonezkoek ere parte hartzea bilatzea beharrezkoa" dela gehituz.

Urriaren 17tik aurrera

Tailerrak 15 orduko iraupena izango du, bi ordu eta erdiko sei saiotan banatuta, urriaren 17tik aurrera. Astelehenetan emango dute 19:00etatik 21:30era, Algortako Villamonte kaleko kultur etxean. Izena emateko 5 euro ordaindu beharko dituzte interesatuek, urriaren 13an eta 14ean, 8:00etatik 15:00etara, Udal Berdintasun Arloan, Algortako Martikoena kaleko 16 zenbakian. Tfno. zka.: 94 466 01 30. Posta elektronikoa: ieizmendi@getxo.net.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun