Bolognak dakarren "eskubide urraketa" kontuan hartzeko eskatu die unibertsitateko errektoreei IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 29a, 20:52
"Gezur gehiago, EHUri buruz" izenburupean, irailaren 21ean Juan Ignacio Perez EHUko errektoreak hainbat egunkarietan plazaratutako gutunari helduz, "EHUri eta beste unibertsitateei buruzko hainbat egia" gogora ekarri dituzte Egoitz Albizu eta Ainara Rodriguez, Ikasle Abertzaleetako kideek, Berriak gaur argitaratutako iritzi artikuluaren bidez. Hala ere, ikasle presoen egoera baino, Bolognako Prozesuak dakartzan "eragin lazgarriak" izan dituzte hizpide IAkoek. Euren hitzetan, "hizkuntz eta kultur eskubideen murriztea" izango da eraginetako bat, "ingelesa izango baita hizkuntza ofiziala". Gainera, "Europako Batasunaren arauek finkatuko dituzte curriculumak, eta ez da izango balio ekonomiko handirik gabeko ikasketarik (humanitateak, batez ere)", ohartarazi dutenez. "Perez jaunak dioen bezala, unibertsitateak dituen arazoez horren kezkatuta bazaudete, Bolognako prozesuak gure eskubideak urratzen dituela kontuan hartzeko eskatzen dizuegu", amaitu dute Albizuk eta Rodriguezek, azaroaren 17an egongo diren mobilizazioak gogoratuz.
Europako Batasunak hezkuntza sistema bateratua bultzatzeko asmotan Bolognako Deklarazioa egin zuen eta Bolognako Prozesu horrek "eragin latzgarri ugari" ekartzen ditu, Ikasle Abertzaleak taldearen aburuz. Izan ere, aurten iada EHUn aldaketa batzuk sartzen hasi dira eta sindikatuaren arabera horrek ikasleei "izugarrizko eskubide urraketa" suposatu die. Horregatik, azaroaren 17rako Ikasle Abertzaleak erakundeak unibertsitateetan greba orokorra eta bestelako ikastetxeetan mobilizazio eguna deitu ditu. Data horretan burutu ohi den ikasleen nazioarteko eguna azaroaren 12an ospatuko dute. Berriz, azken urteotan bezala, urriaren 12an (Hego Euskal Herrian) eta azaroaren 11an (Ipar Euskal Herrian) ospatzen diren jai egunei intsumisioa egitera deitu du IAk "jai egun inposatuak" izateagatik.

Bolognako Deklarazioaren kontrakoen arabera, Bologna prozesuak karrera artistikoak eta letretako zenbait ezabatzea suposatzen du, ez omen baita "errentagarria" ezta "produktiboa" Europako Batasunaren hitzetan. Unibertsitateetan ikasleen ordezkaritza nabarmen murrizten du, dagoeneko sakonki murriztu den arren. Astean zeharreko asistentzia nahitaezkoa inposatzen da eta 40 orduko ikas asteak ezarri nahi dira besteak-beste. Dena den, ikasle eta hiritarren protestak sahiesteko, erreforma sakon hau pausoka sartzen ari da, hainbat taldek salatu dutenez.

Proiektu "ultra-liberala"

Hausnarketa hori jarraituz, eskubide murrizketa sakona egiten du enpresen eta beren jabeen ongizaterako; ikasleak sailkatu eta baliodunak beren enpresatan lan egiteko zuzenean prestatzeko asmoa dute. Prozesu hori Europako Konstituzioaren baitan egiten da eta beste puntu baten antzera "ultra-liberala" deritzon prozesua da.

Egoera horren salaketa egin zuen Ikasle Abertzaleak erakundeak aurreko ikasturtean. Orain, berriz, kurtso berria hastera doanean azaroaren 17rako greba orokorra deitu du Euskal Herriko unibertsitateetan, besteak beste, EHU, NUP eta Baionako Fakultatean. Bestalde, ikastola eta ikastetxe askotan ere mobilizazioak antolatuko dira.

Irakurri Berriak argitaratutako iritzi artikulua osorik:

EHUri eta beste unibertsitateei buruzko hainbat egia (Berria)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun