Anjel Figueroa preso algortarraren osasun egoera larria da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko ira. 29a, 21:55
Angel Figueroa euskal preso politikoaren egoerak "argi gorri guztiak piztu ditu dagoeneko", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe.org bitakoraren bitartez ohartarazi duenez. Alcoleako espetxeko (Kordoba) isolamendu moduloan dago algortarra eta, azken aldian hainbat epilepsia krisi larriak izan ditu, baita aldi bateko absentziak ere. Hori dela eta, Gurutzetako ospitalera eraman dezatela eskatu du Figueroak, “esklerosi sindrome mesial temporal" delakoaz ebakuntza egiteko aukera aztertzeko. Hala ere, espetxeko agintariek atzera bota dute eskaera, errepresioaren aurkako taldeko kideek salatu dutenez, egoera euskal preso politikoek jasaten duten "erabilera politikoaren barruan" kokatuz.
"Atzo bertan, irailak 28, beste preso batek bere familiari jakinarazi zion Anjel bere ziegatik arrastaka eta indarrez atera eta beste leku batera eraman zutela. Familiak egin dituen arakatzeen ondorioz jakin izan du zigortu dutela, baina oraindik ez daki benetan zer gertatu den; ezta nola dagoen ere", eman du ezagutzera Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Ekainaren 26an bisita egiteko baimena kendu zioten familiari sei hilabetez.

Osasun arazoa larria

Figueroak “grand mal” (Epilepsia mota larria. Gaixoak espasmoak izaten ditu epilepsia krisietan eta konortea galtzen du) gaitzaren aurkako tratamendua jaso zuen 1988tik 1990era Gurutzetako ospitalean. 1994an espetxera sartu zuten eta azken aldian epilepsia krisi batzuk izan ditu espetxean. 2005eko martxoaren 16an Kordobako ospitaleko larrialdi zerbitzuan ingresatu behar izan zuten eta abuztuaren 30ean espetxeko ospitalean, amnistiaren aldeko erakundeak azaldutakoaren arabera. Horrezaz gain, azken aldian aldi bateko absentziak izaten ari da. "Horrelako absentzia ugari izan ditu, beste presoak inguruan zituela, bisitetan familiarrekin zegoela edo ziegan bakarrik zela… Aldi horretan egiten duenaren kontzientzia galdu egiten du", gaineratu dute.

Etengaben salatzen dutenez, "egoera horren larritasuna, begi bistakoa denez, areagotu egiten da isolamenduko moduloan egonda, eta are gehiago isolamenduko modulo horretan izaten den giroarekin".

Osasunerako eskubidea

Kordobako espetxean eta bertako ospitalean bere gaixotasuna diagnostikatzeko eta egoera zehazteko "aukerarik ematen ez diotenez", Gurutzetako ospitalera eramatea eskatu du Figueroak. "Erietxe bizkaitarrean artatu zuen medikuak egin duen txostenak aukera hori ematen du, baita diagnostikoa zehaztu ondoren ebakuntza egitekoa ere. Izan ere, kartzelan, azterketa zehatzak egiteko aukerarik gabe ematen zaion tratamentuak ez du gaixotasuna sendatzeko xederik, ezta krisialdi gehiago izango duenik bermatzen ere", errepresioaren aurkako taldeak kritikatu duenez. Hala ere, espetxeko agintariek atzera bota dute preso algortarraren eskaera, eta Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiaren zain dago orain.

Gauzak horrela, Figueroarena euskal preso politikoek jasaten duten "erabilera politikoaren beste adibide bat besterik ez" dela diote amnistiaren aldeko kideek. "Okerrena horixe da, gaixotasunak ere politikoki erabiltzen direla prozesu honetan. Horregatik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egiten dituen estatus politikoaren aldarrikapenak osasunerako eskubidea ere hartzen duela gogoratu behar dugu, baita preso gaixo larri guztiak kaleratzea ere", salatu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun