Euskararentelefonoa.com webgunean erabiltzaileak era errazean egin ditzake nahi dituen kexak, zoriontzeak edo galderak, bere izena eman ostean. Arantza Haranburu Behatokiko kudeatzaileak emandako zehaztazunen arabera, erabiltzaileak nori egiten dion txalotzea edo zoriontzea argitu eta arrazoia azaldu beharko du. Gainera, kexa edo txalotzea ziurtatzeko dokumentua atxikitzeko aukera ere badu.
Euskararen telefonoaren proiektuak lau urte beteko ditu urte bukaeran eta epe horretan 3.000 espedientetik gora bideratu ditu. Euskararen telefonoa Behatokiak urtero argitaratzen duen txostenerako informazio-iturri garrantzitsua da. "Horren adibide argia Europako Adituen txostena dugu, bertan urraketa zehatzak erabili ahal izan genituen egoeraren berri emateko", gogoratu du Paul Bilbaok.