Paco Larrañagari heriotza-zigorra kentzea eskatuko du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 3a, 12:15

Delituen biktimei eta euren familiei elkartasuna eta errukia adierazteaz aparte, Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako lehendakariari, euskal jatorria daukan Paco Larrañagaren "heriotza-kondena deuseztatzeko" eskatzea onartu zuen ahoz batez Getxoko udalbatzak, joan den ostiralean egindako osoko bilkuran. Alkatetzak proposatutako idatziak heriotza-zigorraren aurkako jarrera "sendoa" adierazten du, "pertsonen oinarrizko eskubideak bortxatu eta, batez ere, bizitzarako eskubidea urratzen duen zigor anker, krudel eta iraingarria delako". "Horrezaz gainera, inoiz ere ez da frogatu, delitugintzaren aurkako disuasio-neurri modura, zigor hori beste batzuk baino eraginkorragoa denik", jarraitzen du. Ostiralean adostutakoa, Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako lehendakariari, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eta Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri Arazoetako ministroari jakinaraziko dio Getxoko Udalak.

Filipinetan jaio eta bertan bizi den Paco Larrañaga euskal jatorria daukan 26 urteko herritarrari biziarteko kartzela zigorra ezarri zion, 1999an, lehen instantziako epaitegi batek; beste sei akusaturekin batera, bi emakume filipinar bahitu, bortxatu eta hiltzea leporatuta. 2004an epaia berrikusi eta zigor larriagoa ezarri zion presoari Filipinetako Auzitegi Gorenak, heriotza-zigorra alegia. Larrañagaren abokatuak epaiaren aurkako errekurtsoa jarri zuen orduan, baina Auzitegiak joan den uztailaren 21ean berretsi zuen injekzio hilgarriaren bidez exekutatuko den heriotza-zigorra. Gaur egun, New Bilibid hiriko espetxeko heriotzaren korridorean dago.

Heriotza-zigorra indargabetu

Urriaren 10ean, nazioartean, heriotza-zigorraren aurkako eguna ospatzen dela kontuan izanik, ostiraleko udalbatzan aurkeztu zuen aipatutako proposamena, Iñaki Zarraoa alkateak. Berau arrazoitzeko, mundu osoan "heriotza-zigorra indargabetzeko" ahaleginari heldu behar zaiola aipatzen du. Besteak beste, honela aipatzen da hitzaurrean: "Kondena horri eusten dioten herrialde asko egon arren, argi egiaztatzen dugu mundu osoan heriotza-zigorra indargabetzeko joera argia dagoena. Era berean, herrialde askok, legeriatik kendu ez arren, ez dute praktikan aplikatzen. Halako eboluzioa gertatu arren, asko dira oraindik heriotza-zigorra aplikatzen jarraitzen duten gobernuak: hori dela eta, eutsi egin behar zaio mundu osoan heriotza-zigorra indargabetzeko borrokari, harik eta zehari desagertzea lortu arte".

Filipinetan egoera kezkagarria

Hala ere, aipatu "eboluzio" hori ez da Filipinetan oraindik eman, ezta urrutitik ere. 2003ko abenduan, Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako lehendakariak bertan behera utzi zuen bahiketei eta droga-trafikoari dagozkien delituengatik kondenatutako presoen exekuzio etendura. 2004 urtearen amaieran, Filipinetan 1.110 preso zeuden heriotzaren korridorean. Herrialde horretan, 1993an heriotza-zigorra berriro ezarri zenetik 7 exekuzio egin dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun