Getxoko PPk proposamenari aurka egiteko emandako argudioen artean, aparkatzeko tokien jabe direnei (edo izango direnei) horiek inguruko merkatariei alokatzeko aukera jaso beharko litzateke baldintzetan, Eduardo Andrade zinegotzi popularrak adierazi zuenez. Hori entzunda, "ondarearekin espekulatu" nahi izatea egotzi zion PPkoari Andres Uriarte Hirigintza zinegotziak. Andradek, ordea, "espekulatu" nahi izatea baino, euren asmoa "kale bazterretatik ahalik eta auto gehien kentzea" dela erantzun zion udal ordezkari jeltzaleari. "Horren premiazkoa ez da kontua. Aparkalekuen beharra badago, baina ez horrenbesterako. Bestela, Santa Eugeniako parkinga beteta egongo litzateke", adierazi zuen azkenean Uriartek. PSE-EE abstenitu egin zen.
San Eugenian alokatzerik egongo da
Santa Eugenian eraikitako parkingeko tokiak ere erabiltzaile gehiagori eskaintzea aztertzen ari da Getxoko Udala. Horrela, Iñaki Zarraoa alkateak joan den astean adierazitakoaren arabera, Gobelako kasuan aipatutako lagunei ere eskaintzeaz gain, “toki horien alokairua hilabeteka egitea ere aztertzen ari gara, kontuan hartuta, aparkatzeko lekuak erosi nahi duten bizilagunak egon ezkero, horiek lehentasuna izango luketela; alokairua ezeztatuko litzateke, behar izatekotan”. Egun, aparkatzeko 85 toki libre (204etik) daude libre bertan, "hirugarren solairua osorik", Zarraoak esandakoaren arabera. Santa Eugenian aparkatzeko tokia 50 urtez erabiltzeko eskubidea eskuratzen da 15.800 eta 18.600 euro bitarteko (azaleraren arabera) salneurria ordaindu eta gero.
Toki horiek esleitzeko baldintzen aldaketa alkatearen dekretuaren bitartez egingo litzateke, "udalbatzak horretarako baimena eman baitzuen bere garaian", Zarraoak adierazitakoaren arabera.