Premiazkoa zen ala ez eztabaidatzen hasi aurretik, "horrela ez hartzekotan mozioa hurrengo udalbatzarrera" eramango zuela argi utzi zuen Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak. Getxoko Gobernu Batzordearen izenean hitza hartu eta "premiazkoa ez" zela adierazi zuen orduan Iñaki Urkizak, "mozioak aurkezteko epean gertatutako gai bati buruzkoa ez delako" –Sabin del Bado pasa den irailaren 15ean sartu zen Ogasun Arloan, behin behineko funtzionario gisa, Iñaki Zarraoa alkateak sinatutako dekretua dela medio–. Hala ere, hori erabakitzeko bozketan abstenituko zirela iragarri zuen zinegotzi federalistak, "gaia delikatua delako". Sozialistek ere auza bera egingo zutela adierazi zuen Luis Almansa PSE-EEko bozeramaileak, baina tokiko gobernuaren jarrerari "ulergaitzat" iritzi zion, "gaia premiazkotzat jo ez arren, abstenituko direlako". Bitxia bada ere, bozketan bozkak banatu zituzten Gobernu Batzordea osatzen duten EAJ, EA eta EB-Berdeak taldeek eztabaida ahalbidetzeko.
Aldaketak
Bost minutuko etenaldiaren ostean, mozioa irakurri zuen Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak eta hainbat aldaketa egitea proposatu zion Luis Almansa PSE-EEko eledunak. "ETAko kide izateagatik" zioen esaldian "ustezko" hitza jartzea eta adostasun proposamenean ondorengo aldaketa egitea:
"Getxoko Udalak irailaren 15eko 4785/2005 zenbakiko dekretua ezeztatu eta lehen aipatutako langilearen kontratua bertan behera uztea", horrela proposatzen zuen PPk.
PSE-EEk, berriz: "Getxoko Udalak herritarren isilpeko datuekin lan egiten ez den beste sail batera aldatzea langilea".
PPk aldaketak onartu zituen, baina azkenean mozioak ez zuen aurrera egin Getxoko Gobernu Batzordea osatzen duten alderdiek (EAJ, EA eta EB-Berdeak) horren aurka bozkatu zutelako.
Irakurri Getxoko PPk aurkeztutako mozioa (pdf) osorik, hemen klik eginez.
Gaiaren inguruko berriak:
PPk Getxoko Udaletik langile bat bota nahi du 18/98 sumarioan auziperatuta egoteagatik (2005 Ira 28)