Zergen "benetako igoerarik ez" dela egongo dio Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 3a, 20:36

Datorren urteko tasa eta zergetan, bataz beste, %4tik beherako igoera (beherantz biribilduz) onartu zuen, joan den ostiraleko osoko bilkuran, Getxoko udalbatzak; tokiko gobernua osatzen duten EAJ, EA eta EB-Berdeak taldeetako ordezkarien botoei ezker. Manu Etxebarria Ogasun zinegotziak adierazitakoaren arabera, "egia esan, zergen benetako igoerarik ez da emango; bilduko den diru kopurua parekoa izatea baizik. Izan ere, presio fiskal orokorra %3,5 ingurukoa izango da, Kontsumorako Prezioen Indizearen parekoa". Familia ugarientzat eta dirusarrera gutxi dituztenentzat aurrikusitako salbuezpenak "aurrerakoitzat" jo arren, tasa eta zergen igoerari ezezkoa eman zion PSE-EEk. Baita PPk ere.

"Azken lau urteetan, moteldu egin da presio fiskala Getxon, zergak hamarren batzuk baino ez baitira igo, KPIren azpitik", aipatu zuen Manu Etxebarriak. Hala ere, Ogasun zinegotziak emandako azalpenei muzin egin eta zergen beherapena eskatu zuten PPk eta PSE-EEk. Besteak beste, Getxoko Gobernu Batzordeak egindako proposamenari zatikako 40 zuzenketa aurkeztu zizkioten popularrek; baita Jesusen Bihotza Udal Egoitzari eta Getxo Kirolei osoko zuzenketa bana ere. Erakunde autonomo bi hauetan diru-sarreren eta gastuen azterketa egitea eskatzen zuen Marisa Arrue buru duen alderdiak. Hala ere, zuzenketa guztiak gelditu ziren bertan behera.

Zazpi milioi euro

Zergen igoerari ezezkoa justifikatzeko, oraindik udal gobernuak zazpi milioi euro "gordeta" dituela adierazi zuen Eduardo Andrade popularrak. "Diruarekin zer egin ez badakizue, hobe herritarren poltsikoan egotea, ezta?", gaineratu zuen. Manu Etxebarria Ogasun zinegotziak, aldiz, dagoeneko diru hori "hainbat egitasmoetara bideratuta" dagoela azaldu zuen. Horretaz gain, familia ugarientzako salbuezpenak, "horien diru-sarrerak eta ondasunak kontutan hartu gabe" aplikatu ezezik, "enpresaburu gazte eta merkatari berrientzako hobariak %100koak" izatea eskatu zuten PPkoek. Hori dela eta, "dirudunei mesede" egin nahi izatea egotzi zien Etxebarriak. Beste alde batetik, Luis Almansa PSE-EEko bozeramaileak aipatutakoaren arabera, "gizarteari onura ekarri baino, dirua biltzea dute helburu tasa eta zerga berriek".

Gaiaren inguruko berriak:

Zergak eta tasak 2006an %4 igotzeko asmoa dauka Getxoko Udal Gobernuak (2005 Ira 22)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun