Zarama eta igerilekuetako tasen aurkako 6.335 sinadura "gutxi dira" Zarraoaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 3a, 22:37

Orain hilabete batzuk Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek abian jarritako sinadura bilketa gutxietsi zuen, ostiraleko osoko bilkuran, Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak. Horren pareko ekimenek "udal mailan eragin legalik ez" dutela aipatzeaz gain, "herritarrak nahastu" nahi izatea egotzi zien talde horretako kideei zein, zarama eta igerilekuetako tasak ezeztatzeko eskatuz, mozioa aurkeztu zuen Getxo Bizia ezker abertzaleko plataformari. "Zuek banatutako eskuorri eta kartelak ikusita, badirudi tasa guztietan egongo dela %86ko igoera. Horiek ezeztatzeko eskatzeko, nork ez du sinatuko! Egia esan, 6.335 sinadura gutxi iruditzen zaizkit", adierazi zuen udal agintariak. (Argazkian, Christian Reinicke Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herritar ekimeneko kideak irailaren 16an sinadurak udal erregistroan aurkezten).

Besteak beste, "egia osoa" ez esatea leporatu zien Zarraoak. "Zarama bilketari dagokionez, zerbitzu berria badago eta hori da, hain zuzen ere, onartu nahi ez duzuena. Zabortegia ixten denean, zarama beste toki batera garraiatu beharko dugu bertan botatzeko. Jabeak kobratu beharko digu, ezta?", aurpegiratu zien. Igerilekuetara sartzeko euro bat kobratzea, berriz, "aldizkako bisitetarako bakarrik da", udal agintariaren hitzetan. "Txartela eskuratuz gero, 50 zentimo ordaindu behar dira orain sartzen zaren bakoitzeko. Eta 2006an 30 zentimo baino ez dira ordaindu behar izango, horrela onartuta baitago", azaldu zuenez.

Mezulariaren aurka

Josu Amezagak Getxo Biziak aurkeztutako mozioaren berri eman ostean, Christian Reinicke ekin zion zarama eta igerilekuetako tasen aurkako sinadura bilketaren azken xehetasunak emateari. Besteak beste, ostiral goizean bertan udal erregistroan beste 2.064 sinadura aurkeztu zirela jakinarazi zuen, 6.335 jada. Nahiz eta osoko bilkura askotan lehen aipatutako ezker abertzaleko plataformaren kide bezala hitzegin, orduan Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenaren izenean ari zela argi utzi nahi izan zuen hasieratik Reinickek. Hala ere, kale eraso eta hiri bandalismoarekin loturikoak leporatu zizkion Zarraoak. "Zuek aipatzen duzue zarama bilketa selektiboa egiten ari gara jada. Ez dago herririk gu baino gehiago biltzen duenik. Gauza da, astakilo batzuk zaborrak erre eta hori bai sortzen duela kutsadura. Orduan beste batzuk isildu egiten dira", bota zion udal agintariak.

Kontxi Beaskoetxea Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarren kideari erantzuteko orduan, berriz, aipatu herri ekimena Getxo Biziarekin lotu zuen Zarraoak. Euren bizi-kalitatea zer nolakoa den ezagutzeko 350 getxoztarri egindako galdeketaren emaitzak ekarri zituen gogora Beaskoetxeak. Adierazi zuenez, "350 herritarrek pozik daudela esan arren, jakin badakigu getxoztarren gehiengoa iritzi ezberdinekoa dela". Alkateak erantzun zuenez, "inkesten sistemaren arabera, 350 horien iritzia 6.000 sinadura baino gehiago adierazten dute". "Kontua da, hainbat mugimenduk herri ekimenez jantzita datozela; argi eta garbi, Getxo Bizia dela jakin badakigunean. Seguru boto-emaile guztiek sinatu dutela", jarraitu zuen, "nahiz eta legez kanpo egon, botoak galdu zituztenean, hiru mila eta koska boz irabazi genituen guk", amaituz. Datuak datu, Getxo Biziak 2.756 boto izan zituen 2003ko udal hauteskundetan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun