Gobela kiroldegiko fitness eta muskulaziorako gimnasioa (argazkian) zabalik dago jada. Aretoak 370 metro kuadro ditu eta 26 makina kardiobaskular dago bertan: korrika egiteko zintak, ibiltzeko makina eliptikoak, programagarriak diren bizikletak –tradizionalak eta horizontalak–, eskailerak, spinning egiteko bizikletak, arraun egiteko makinak... Entrenamendua programatu daiteke tresna horietan guztietan, baita bihotzeko erritmoa kontrolatu ere. Era berean, abdominalak eta gerria indartzeko 12 aparatu daude, hankak lantzeko 14, bularraldea eta besoetarako 25, eta pisu libreko 1.500 kilo baino gehiagoko materiala (diskoak eta pisu txikiak, gomarekin babestuak segurtasunagatik). Tresna guztietan, egin beharreko ariketen berri ematen duten idazkunak jarri dituzte (istripuak saihesteko estalita daude horiek), eta sistema hidrauliko guztiak altueraren arabera erregula daitezke.
Gobelako fitness eta muskulaziorako gimnasioak “entrenamenduetarako programa informatikoa” eskaintzen du, arduradunen hitzetan. Erabiltzaileen arabera eta kirolari bakoitzaren beharren arabera egokitzen da zerbitzu hori. Horrela, tresna guztien aprobetxamendu egokia lortzen da, makina batzuen eskakizuna handiegia izan ez dadin. Era berean, entrenatzaile pertsonalizatua dago, epe laburrean etekin hobeagoa bermatzeko; nutrizioaren eta kirol elikaduraren aholkularitza, artikulazioak eta giharrak osatzeko zerbitzua, eta erditu eta geroko indarberritze zerbitzua ere eskaintzen dira.
Ordutegia eta salneurriak
Horrez gain, egun osoan doakoa da takilak erabiltzea, eta instalazioak erabiltzeko ordutegia zabala da: 8:30etik 21:30era, astelehenetik ostiralera, eta 10:00etatik 14:00etara larunbatetan. Salneurria, berriz, (Getxo Kiroletako harpidedunentzat soilik) hileko 29,50 eurokoa da (17,50 euro bigarren hamabostaldirako). Erabiltzaile guztiek eskubidea dute, kuota ordaindu eta gero, fitness eta muskulaziorako Getxo Kiroletako bi instalazioak erabiltzeko, hau da, Fadurakoa eta Gobelakoa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.