Bolognari gogor erantzungo dio IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 4a, 20:31

Ikasle Abertzaleak taldeak denbora darama Bologna Prozesuaren nondik-norakoak aztertzen eta horren inguruan informazioa ematen. Horren harira, adibidez, pasa den ikasturtean Europar Konstituzioaren erreferenduma zela eta hitzaldiak eman ziren Europaren beste eraikuntza prozesu honen inguruan informazioa emateko. Baina Prozesua ez da gelditzen eta dagoeneko Abiadura Handiko Tren bat balitz bezala unibertsitateetako ateetan dugu. Bide honetan IAk hainbat mugimendu egin zituen pasa den ikasturtean eta kanpaina ikusgarri bat prestatu du ikasturte honen hasierarako. Guztiak azaroaren 17an izango du bukaera unibertsitateetan deitu den greba orokorrean. (Argazkia eta afitxak: Gaztesarea.net).

Egindako pausu hauek guztiak Bartzelonan hasi ziren Europar Ikasleen bilkura batean. Bertan Bologna Prozesuaren egoera aztertu zen etak zerbait egitearen beharra plazaratu zen. IAk Azaroak 17 proposatu zuen mobilizatzeko egun egoki gisa eta bertan zeuden hainbat taldek euren adostasuna agertu zuten.

Hori dela eta Azaroaren 17a, Nazioarteko Ikasle Eguna, hau da, Euskal Herrian urteetan mantendu den mobilizazio eta borroka eguna, berriro ere nazioartera itzuli eta hainbat ekimen prestatu dira Europako txoko guztietatik Bologna Prozesuaren aurka. Gaia pil-pilean dago ikasle antolakundeen plangintzetan eta IAk bere irakurketa propioa zabaldu du. Euren hitzetan eskubideen kartan agertzen diren eskubide haina urraketa badaude ere, 4 multzotan antolatu dituzte aldarrikapen edo ukapen nagusiak eta euretariko bakoitza afitxa batekin azaldu.

- Bologna Prozesuak Hezkuntzarako Eskubidea urratzen du, honen merkantilizazioa eta kalitatearen jeitsiera baino ez baitu bilatzen. Multinazionalek emango dituzte klaseak eta finkatu kurrikulumak, behar ekonomiko-kapitalisten arabera. Afitxa ikusi

- Bologna Prozesuak Kultur eta Hizkuntza Eskubideak urratzen ditu, ingelera lehen mailara pasatzerakoan euskara hirugarren mailako hizkuntza bihurtu eta edukiak Bruselasen finkatu eta Madriletik pasako diren direktibek finkatuko baitituzte. Afitxa ikusi

- Bologna Prozesuak baldintza duinetan ikasteko eskubidea urratzen du, egun osorako ikaslea finkatzerakoan (hau da, ordu guztiak ikasten) ez delako aukerarik emango ikasi eta lan eginez euren ikasketak kudeatzen dituzten ikasleentzat. Gainera tasen igoera emango da eta beken politikan ez da aldaketarik emango. Afitxa ikusi

- Bologna Prozesuak kolektibo gisa jarduteko eskubidea eta Hezkuntza Prozesuaren subjektu izateko eskubidea urratzen du, konpetitibitatea, indibidualismoa eta norgehiagoka kapitalistan oinarritutako sistema delako. Afitxa ikusi

Guzti honen aurrean ikasleria ahalik eta modu zabalenean informatzeko plangintza bat burutu du IAk eta beste ikasle eragile batzuekin ere kontaktuak egiten dihardu. Hurrengo asteetan milaka ikasleri IAren mezua helaraztea da helburua, azken finean.

Ikasle Abertzaleak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun