Lonjen auzia dela eta, "hedabideetan nabarmendu nahi izatea" egotzi dio Ezker Batuari Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 5a, 14:55
Lonjak etxebizitza bihurtu ahal izateko udal-ordenantza berria eskatuz, EB-Berdeak taldeak aurkeztutako mozioari erantzun dio gaur, prentsa ohar bidez, Sopelako Udalak. "Azken aldian mantentzen ari den jokabideari eutsiz, hedabideetan funtsik gabeko titular arranditsuak izatea da beraien asmoa", EAJk osatzen duen Tokiko Gobernu Batzordeak adierazi duenez. Udal agintarien hitzetan, "proposamen horrek ez luke etxebizitzen prezioa behera egitea lortuko, lonjena garestitzea baizik; eta espekulazioa ekarriko luke horrek". Hori dela eta, arazoari konponbidea bilatzean arreta jartzea eskatu diote Ezker Batuari, "alokatzeko etxebizitza gehiago eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketa gutxiago eskainiz, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen duten pisuak herritar kopuru handiagoari zabalduz". (Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea).
"Etxebizitzen arazoari alternatiba zentzudunagoak emateko, EBk duen ezintasuna egon daiteke proposamen horren atzean", Sopelako Gobernu Batzordearen ustez. Gauzak horrela, "lonjak eurek nahi duten moduan birmoldatzen ez direlako, errua udalei" bota nahi izatea egotzi diote udal arduradunek. Amaitzeko, "euren taldeari berari, proposamen landuago eta serioagoak aurkeztea" eskatu diete Sopelako EB-Berdeetako kideei; alderdi federalistak, Eusko Jaurlaritzan dauzkan ardurak edukita, bertan aplikatu ditzan.

Gaiaren inguruko berriak:

Sopela eta Berangoko lonjetan etxebizitzak egitearen alde dago Ezker Batua (2005 Urr 04)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun