Uribe Kosta osoan zehar abian dago “Euskara zerbitzuak, zerbitzuak euskaraz” kanpaina, hainbat erakunde eta elkartek eskaintzen dituzten zerbitzuen laburpen generikoa auzokideen artean zabaltzeko xedea duena. Euskararen transmisioa sustatzea eta bultzatzea asmoa duen gida 0 eta 16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoeek etxean jasoko dute postaz. Ekimena Bizkaiko toki erakundeen euskara zerbitzuak biltzen dituen Alkarbidek bideratu du 22 udalerritan eta 16.000 familiara ailegatzea da asmoa, izan ere, hori da argitaratu diren giden kopurua. Biztanleria dela eta, Getxoko Udalak hartu du ardura nagusiak, eta 5.000 fitxa-sorta banatuko ditu: 4.200 etxeetara igorriz eta beste 800 toki publikoetan eskuragai utziz.
Imanol Landa Getxoko Udaleko Presidentzia Arloko zinegotziak adierazi duenez, “hizkuntza bat transmititzeko, baita euskara ere, familia gune naturala eta logikoa dela ikusten dugu. Familiak eta horien kideek udalerrian dituzten euskararekiko zerbitzuak ezagutu ditzaten nahi dugu”.
Gida 12 fitxaz osatuta dago, bakoitza egutegian kokatutako euskarazko jarduera edo zerbitzu bati eskainia. Fitxa gehienetan ez bezala, Euskarazko Produktuen Katalogoari buruzko fitxan aipatzen da argibideak eskuratzeko helbide zehatz bat: 2004-2005 ikasturterako Bizkaiko Foru Aldundiak kaleratutako Euskarazko Produktuen Katalogoaren webgunea.
Gida kanpaina orokor batean sartuta dago, euskararen transmisioaren alde egiten duena alegia, eta beraz, beste ekimen batzuen jarraipena baino ez da. Esaterako, “Emaiozu euskera” jaioberriei zuzendutako kanpaina eta “Euskaraz blai” udako aisialdian zabaldutakoa ditugu horien artean. Horien guztien bitartez, familiaren barruan kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea nahi dute.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.