Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean ari diren 48 talderi 65.600 euro emango dizkie Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 5a, 20:18

Getxoko Udalak bi modu ditu tokiko erakundeko Gizarte Zerbitzuekin lanean ari diren elkarteei laguntza emateko, gaurko prentsaurrekoan, Iñaki Zarraoa alkateak adierazi duenez. "Alde batetik, urteko jarduerak aurrera eraman ahal izateko diru-laguntzak ematen dizkiegu. Bestalde, lokalak ere baditugu euren artean partekatzeko", azaldu du udal agintariak. Oraingoan, 65.600 euro banatuko dituzte 48 talderen artean.

Diru kopururik handiena –5.000 euro– Munduko Medikuak elkarteak emango diote. Gorabide adimen urritasunak dituzten pertsonak laguntzeko Bizkaiko elkarteak, berriz, 4.800 euro jasoko ditu; Aspremar gizarte bazterketari aurre egiteko lan egiten duen elkarteak 3.600 euro; eta Ezintasun Fisikodunen Federazio Koordinatzaileak (FECOR) eta garun-perlesia duten pertsonen Bizkaiko elkarteak (ASPACE) 3.000 euro bana.

Elkarte berriak

Dirulaguntza txikienenak izango dituztenen artean, Caravana de la Alegría izenekoari 500 euro emango dizkio Getxoko Udalak eta duela gutxi lanean hasi diren Mexico Lindo kultur taldeari eta Zutalur etorkinekin lan egiten duen taldeari 300 euro bana. “Banaketa zuzena dela uste dugu, dirulaguntzak jardueraren, bazkideen kopuruaren, elkartearen iraganaren eta beste hainbat baldintzen arabera ematen baitira”, esan du Iñaki Zarraoak alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun