Getxoko Antzerki Jardunaldiak egingo diren lau agertokietatik bi haurrei eskainitako lanentzako izango dira. Besteak beste, Gorakadaren "Titirikontukontari" (urriak 15), Gari, Montxo eta Joselontxoren "Supituki" (urriak 16), Malas pulgas taldearen "Lazaro Txiki" (urriak 22) eta Trokoloren "Niretzako!" (urriak 23) ikusteko izango dute, goizeko ordu batetan (gaztelaniaz) eta arratsaldeko seietan (euskaraz), Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Sarrera 3 eurokoa izango da. Algortako Telletxe plazan, berriz, kale antzerkia (euskaraz) izango dute neska-mutilek, dohainik, 12:30ean.
Emanaldi nagusiak Getxo Antzokian
Lan nagusiak Algortako Getxo Antzokian eskainiko dira, 9 euroren truke; 7 euro gazte txartela dutenentzat eta erretiratuentzat (Teleka bidez, 94 431 03 10 / 94 491 40 80 telefono zenbakietan edota antzokian bertan eskuragarri). Aurten ondoko hauek aukeratu dituzte: "Nasdrovia Chejov" (Vaiven Produkzioak), Garbi Losada getxoztarrak ekoiztu eta zuzendu duen "Como agua para chocolate" (Ados), Au revoir triunfadoreak (Antzerkiola imaginarioa) eta Les diables noirs (Deabru beltzak). Azkenik, Algortako San Nikolas plazan, "Carbon Club" kale antzerkia eskainiko du jardunaldien lehenengo egunean Markeliñek, 22:00etan.