Herriko beste hainbat lekutan egin bezala, Itzubaltzeta / Erromoko Txabarri Zuazo plazan eta Errekagane, Gorbea eta Serantes kaleetan argiztapen-sistema berriztatzea erabaki du Getxoko Udalak. Nahiz eta lanak bukatutakoan, inguruan farol gutxiago egongo direla aitortu, horiek "argi-kutsadura gutxiago" sortuko dutela baieztatu zuen atzoko prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa alkateak. "Gaur egun dauden esfera-formako lanparak kendu eta argia behar den lekura bideratzen duten beste batzuk jarriko ditugu. Gainera, goikaldean karkasa izango dute argia zeruan galdu ez dadin", azaldu zuen. Horretaz gain, energia aurrestea (kontsumo gutxiago) eta, segurtasunari dagokionez, argi horiek fidagarriagoak izatea hartu dute kontuan. (Argazkian: Getxoko Arrigunaga hondartzan ere argiztapen-sistema berria jarri zuten duela hilabete batzuk).
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!