Gasteizko Gaztetxe Egunerako autobusean oraindik lekua har daiteke

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 7a, 14:13
Larunbat honetan, urriak 8, Gasteizko Gaztetxe Eguna ospatuko dute Euskal Herri osotik Arabako hiriburura joandako gazteek. Uribe Kostan dagoeneko 40 bat lagunek eman dute izena eskualdeko gaztetxe eta gazte asanbladek antolatutako autobusean. Hori dela eta, gura duen inor joan barik geldi ez dadin azken deialdia egin dute autobus horretan izena emateko Uribe Kostako gaztetxe eta gazte asanbladek. Azken aukera gaur izango da Udondo eta Itzubaltzeta gaztetxeetan jarritako zerrenden bidez edo Leioa, Itzubaltzeta, Sopela eta Urduliz, Berango eta Algortako gazte asanbladen kideei jakinaraziz, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri atzo gauean adierazi ziotenez.
Euskal Herri osoari gonbidapena bidali eta gero, egitarau zabala prestatu dute Gasteizko gaztetxeko kideek larunbat honetarako, ume, gazte, zein helduak erakartzeko modukoa. Alde Zaharrean bost gune prestatu dituzte, kulturaz ondo hornituak, eta batetik bestera igarotzeko txikiteo kaleetatik pasatzea ezinbestekoa denez, egun osoan zehar erabateko alaitasuna ziurtatu daiteke. Badaezpada ere Gaztetxeak mota guztietako musikariak jarriko ditu dantzan auzoan zehar.

Horretaz gain, umeentzako jolasak, ipuin kontalariak, eskalada txapelketa, maketadun taldeen kontzertu-maratoia, Ruper Ordorika, komikiari buruzko hitzaldia, bertso-ikuskizuna, dantza garaikidea, jazzaldia, herri bazkaria, Mikel Urdangarin, gazte ekitaldia, antzerki topaketa, Txan Magoa, Betagarri eta hainbat musikarien kontzertua, azoka txikia, bideo emanaldiak, tortila txapelketa, Sorkun, talo-jana eta ekitaldi ugariz gozatu ahal izango da Gasteizen goizeko 11:00etatik aurrera.

Autobusa goizeko 10:30ean irtengo da Sopelako Udaletxe plazatik, eta Berango, Algorta, Itzubaltzeta / Erromo eta Leioan apuntatzean zehaztutako ordu eta lekuan hartuko ditu bidaiariak, 12:00ak baino lehen Gasteizera heltzeko asmoz. Etorrera, berriz, patxadaz egingo da, 22:00etan edo 23:00etan (autobusean erabakiko da) Gasteiztik irtenda. Bidaiagatik 8 eta 10 euro artean ordaindu beharko da, bidaiarien kopuruaren arabera. Alabaina, autobusa galduz gero azken aukera izango da Uribe Kostatik Gasteizko Gazte Eguna jarraitzeko: Hala Bedi irratia Internetez entzutea. Gainera, era horretan "Una Hora tarde" munduko irratsaio faxistarik umoretsuena entzuteko parada izango da.

Argibide gehiagorako:

Gasteizko Gaztetxe Eguneko egitaraua

info@gaztetxe-eguna.org


Izena emateko:

sastrakagaztetxea@hotmail.com (Algorta)

erromokogaztetxea@euskalerria.org (Itzubaltzeta)

udondogaztetxea@sindominio.net (Leioa)

678 695 468 (Sopela eta Urduliz)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun