"Sinadurak biltzea ez bada nahikoa, erreferenduma dei dezala", erantzun diote Zarraoari Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 8a, 00:06
Irailaren 30eko osoko bilkuran, Iñaki Zarraoa alkateak egindako kritikei irmotasun osoz erantzun die Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenak. "Zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko euro bateko tasa berria bertan behera utz ditzatela exijitzeko, dagoeneko udal erregistroan aurkeztu ditugun 6.635 sinadurek inolako baliorik ez dutela badiote, erreferenduma dei dezatela, horren inguruan, herritarrek zer iritzi daukaten jakiteko. Udal tasak igotzeak guztioi dagokigun erabakia da", adierazi diote UKBERRIri kolektibo horretako kideek, tokiko gobernuari eta horren euskarri den hirukoari (EAJ, EA eta EB-Berdeak) "horren emaitzak onartuko lituzketen" euren buruei galdetuz. Getxoko Udalak sinadurak onartu ala ez, urriaren bukaerara arte horiek batzen jarraituko dutela iragarri dute. (Argazkian, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimeneko kideak udaletxe aurrean).
Iñaki Zarraoa alkateak hitz-erdika esandakoari "argi eta garbi" erantzunez, "inolako alderdi politikorekin loturarik izatea" ukatu dute Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek. Azken osoko bilkuran, Getxo Bizia ezker abertzaleko herri plataformarekin lotu zituen udal agintariak. "Getxo Bizia, Aralar edota Ezker Batuko kideen parte hartzea eta babesa jaso ala ez, atea zabalik du gurean, lagundu nahi duen edozein herritar, kolektibo edota talde politikok. Ekologistak Martxan eta Eguzki ere gurekin daude", azaldu dute. Ostegunero batzen dira, Algortako Alday Kulturgunean (Karitatea, 1), arratsaldeko zortzietan, talde eragilea osatzen duten bospasei lagunak. "Ezkutatzekorik ez daukagu, edozein etorri daiteke bileretara", gaineratu dute kolektiboko kideek.

Azken udalbatzan, Zarraoak Christian Reinickeri esandakoari ere erantzun nahi izan diote. Nahiz eta osoko bilkura askotan lehen aipatutako ezker abertzaleko plataformaren kide bezala hitzegin, orduan Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenaren izenean ari zela argi utzi nahi izan zuen hasieratik Reinickek. Hala ere, kale eraso eta hiri bandalismoarekin loturikoak leporatu zizkion alkateak. "Zuek aipatzen duzue zarama bilketa selektiboa egiten ari gara jada. Ez dago herririk gu baino gehiago biltzen duenik. Gauza da, astakilo batzuk zaborrak erre eta hori bai sortzen duela kutsadura. Orduan beste batzuk isildu egiten dira", bota zion udal agintariak. Taldekideek gaur aipatu dutenez, "bere benetako jardunbidea ez den beste ezertan ez da nahasten Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok kolektiboak; ezta udalerriko politika kontuetan ere. Zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko euro bateko tasa berria bertan behera utz ditzatela exijitzea da gure lana".

Herritarrak nahastu nahian

Bildutako sinadura kopurua gutxiesteaz gain, kanpainaren azala eta mamia kritikatu zituen Zarraoak, irailaren 30ean. Besteak beste, "herritarrak nahastu" nahi izatea egotzi zien Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimeneko kideei. "Zuek banatutako eskuorri eta kartelak ikusita, badirudi tasa guztietan egongo dela %86ko igoera. Horiek ezeztatzeko eskatzeko, nork ez du sinatuko! Egia esan, 6.335 sinadura gutxi iruditzen zaizkit", adierazi zuen udal agintariak. Udal tasen igoeraren kontrako kolektiboak bere aldetik zera utzi nahi izan du argi: "Neurri batean eurek nahastu dituzte herritarrak, zarama tasaren gaineko %4ko igoera berria behin-behinekoa dela ez dietelako azaldu. Behin zabortegia itxita, otsaileko udalbatzak onartutako %86ko igoera gehituko zaio horri". Gogoratu dutenez, dagoeneko 2004an %30 egin zuen gora zarama tasak, Getxoko Udalak onartuta.

Horretaz gain, "egia osoa" ez esatea leporatu zien Zarraoak, "tasak igotzeko inolako arrazoirik ez" dagoela esateagatik. "Zarama bilketari dagokionez, zerbitzu berria badago eta hori da, hain zuzen ere, onartu nahi ez duzuena. Zabortegia ixten denean, zarama beste toki batera garraiatu beharko dugu bertan botatzeko. Jabeak kobratu beharko digu, ezta?", aurpegiratu zien. Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek "oraindik ere zarama nora eramango duten argitu ez" duela aurpegiratu diote alkateari. "Zabalgarbira eramango dutelakoan gaude. Errausketaren aurka gaude gu", tamaldu dute herri ekimeneko kideek.

Igerilekuetara sartzeko euro bat kobratzearena, berriz, behin baino gehiagotan joateko txartelekin merkeago (50 zentimo ordaindu behar dira orain sartzen zaren bakoitzeko. 2006an 30 zentimo baino ez dira ordaindu behar izango) ateratzen dela esanez "konpondu nahi izatea" egotzi diote Udal Gobernuari, "uda igarota erabiltzaile gutxiago daudela jakinda".

PSE-EE eta PPren jokabidea ere mintzagai izan dute gaurkoan Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek, "batez ere azken alderdi horrena". "Nahiz eta tasen igoeraren aurka agertu, oraindik ez dute agertu zergatik. Gainera, sozialistek %86 igoerari eman zioten babesa", adierazi dute.

Udalerri osoan

Sinadura bilketa egiten ari den moduari dagokionez, "%86arena nabarmentzea herritarrak nahasteko" izan denik ukatu egin du kolektiboak. "Are gutxiago, igoera horren bidegabekeria salatzeko izan da", esan dutenez. "Kalean jarritako mahaien bidez zein komertzioetan egiten ari diren sinadura bilketetan, kanpainaren gaineko informazio orriak banatu ditugu", azaldu dute, laguntzen ari diren taberna eta saltoiei eskerrak ematearekin batera. "Beraiei esker, auzo guztietara heldu eta herritarrak behar bezala informatu ahal izan ditugu", adierazi dute.

Eztabaida foroak

Zarama tasari ezarri zaion %86ko igoera eta udal igerilekuetara sartzeko euro bateko tasa berria bertan behera utz ditzatela exijitzeaz gain, udal tasak zein hiri hondakin solidoak aztergai diren udal eztabaida guneetan parte hartzea eskatu dute, berriro ere, Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenak, "Getxoko Udalak aho batez onartua duen Aalborgeko Kartan, jasangarritasunaren helburua lortzeko herritarren parte hartzeari ematen zaion garrantzia" gogora ekarriz. Horrela jakinarazi diote behin baino gehiagotan, sinadurekin batera aurkeztutako idatzietan, Getxoko udalbatzarrari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun