Urte bateko eskarmentua aintzat hartuta bilana egingo du Itzubaltzeta gaztetxeko asanbladak eta bertaratzeko gonbitea egin die urtean zehar gaztetxean ibilitakoei. Gaur, urriak 8, eta bihar, ondo egindakoak zein lar arrakastatsuak suertatu ez diren ekitaldiak eta metodologiak baloratu eta hortik suertatuko den hausnarketatik antolaketa hobeago baten zutarriak jarri nahi dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko gazteek.
Jai eta kultur egitarau zabala
Baina, mundu honetan guztia hausnarketa ez dela kontuan hartuta, datorren urriaren 14tik 16ra bitartean guztientzat dibertigarria izango den kultur eskaintza oparituko dio bere buruari urte bat bete berri duen Itzubaltzeta gaztetxeak.
Asteburu horretako egitarauari dagokionez, txupin baten bidez emango diote hasiera ostiralean, arratsaldeko 20:00etan. Ondoren, mokadu bat hartzeko eta zintzurra bustitzeko parada izango da. 22:00etan, berriz, antzezkizunen zaleen ordua izango da, gaztetxean bertan antzez emankizuna izango baitute. Eta egunari amaiera emateko, ordu bat beranduago oholtza irekia izango da, guztiok barruan daramagun artista plazaratzeko.
Larunbata
Hurrengo egunean ere, larunbatean, idatziak zein margoketak era librean egiteko azalera egokia prestatuko dute gaztetxeko kanpoaldean. Egun osoan zehar, larogeiko hamarkadari omenaldi ironikoa eginez, mozorro eguna izango da. Goizean, tabernaz taberna trikitrilariak arituko dira herria alaitzen. Beranduago, 14:00etatik aurrera, herri bertso bazkaria izango da gaztetxean. Arratsaldean, berriz, jolasteko aukera egokituko zaie han bildutakoei.
Musikaren txanda 20:00etan izango da, Kagadero herriko talde lokalaren eskutik. Ondoren, gaztetxeko hainbat kidek konposatutako ezusteko abestia entzuteko parada izango da. Eta gauari hasiera emateko erromeria hasiko da.
Egun motela
Igandean, berriz, egun lasaia izango da, eta 19:30etik aurrera lehenengo zein oraingo Itzubaltzeta gaztetxeek egindako ekintzak bideo eta argazkien bidez gogoratuko dute. Azkenik, hiru egun hauetan zehar argazki erakusketa ikusgai izango da gaztetxearen beheko solairuan, inauteriak, okupazio zein desalojoen, sanjuanak edo gaztetxeetan egindako festibalen irudiak bilduz.