Behatokiak, horren harira, Europako Kontseiluak berriki sistema judizialean aurkeztutako gabeziak ekarri ditu gogora: "Estatuko xedapenek ez dute bermatzen prozedurak herritarrak hautaturiko hizkuntzan burutuko direnik; are gehiago, ez dirudi formalki bermatuta dagoenik akusatuak hizkuntza koofizialetako bat erabiltzeko eskubidea", Bilbaok argudiatu duenez.
Urraketa larriak
Era berean, Justizian gertatzen diren urraketak larriak direla gogoratu du Behatokiako zuzendariak, "eta berriz ere, BJKNk oztopo berriak jarri nahi dizkie herritarren eskubideei", kritatu du. "Prozedura juridikoak dialektikan oinarritzen dira, eta ez dago onartzerik herritarrak bere etorkizunaz epaia emango duen pertsonarekin zuzenean ezin hitz egitea eta interpretea baliatu behar izatea, atzerritarra bailitzan".
Behatokiak esan du ezinbestekoa dela Botere Judizialaren Lege Organikoaren aldaketa eta hizkuntzaren ezagutzaren derrigortasuna ahalbidetzea, epaile, fiskal zein idazkari judizialek hizkuntza ezagutzeko beharra izateko. "Bi hizkuntza ofizial dagoen eremuan herritarrak edozein erabiltzeko eskubidea izatea oinarrizko eskubidea da, ez da pribilegioa, bai eta hautatuko hizkuntzan zuzenean ulertua izatekoa ere", aditzera eman du Paul Bilbaok.