Xabi Paia 22 urteko algortarra itzultzailea eta interpretea da lanbidez. Lehenengo aldiz kantatuko du Txapelketa Nagusian. Euskara maila hobetzeko aitzakian hasi zen bertsotan. Gaur egun, bertsoa, ikasi duen hizkuntza bat gehiago du. Zornotzako saioan, Iratxe Ibarra, Jon Martin, Miren Artetxe, Oihane Enbeita eta Oihane Perearekin neurtu beharko ditu indarrak.
Fredi Payak, berriz, 24 urte ditu eta bigarren Txapelketa Nagusia izango du aurtengoa. Musika ikasketak egin ditu eta enpresa zientzietako ikaslea da. Bizkaiko Txapelketako finalista azken hiru txapelketetan. Txapelketa, nahiz eta bertso munduak norbera neurtzeko toki injustua izan, hurrengo txapelketan finalerako hautagaia izan daitekeela frogatzera dator. Uztaritzen Amets Arzallus, Iñigo Manzisidor "Mantxi", Jokin Uranga, Julen Zelaieta eta Onintza Enbeitarekin lehiatu beharko da algortarra.
Epaile getxoztarra
Hala ere, payatarrak ez dira Uribe Kosta eskualdeko ordezkari bakarrak izango aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusian. Epaile lanetan, Joseba Santxo getxoztarra arituko da. 1993ko Txapelketa Nagusian hasi zen horretan. Harrezkero, edizio guztietako epaile izan da Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) arduraduna. Epai irizpideak gaurkotu eta egokitzeak dakarren erronkari ahalik eta hobekien erantzuteko intentzioa azaldu du taldeko beteranoenetakoak.