Joan Mari Larrarte Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) ordezkariak, Iker Martinez de Lagos Topaguneko bozeramaileak eta Mikel Lizaso "Nabarra" aldizkariko bozeramaileak prentsa-agerraldia eskaini dute gaur Donostian, sektorearen egoera aztertu ondoren Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta Legebiltzarreko Taldeei egin dizkieten eskaerak azaltzeko, egun aurrekontuak negoziatzen ari baitira.
Lizasok azaldu du Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen ordainketek "atzerapen handiak" izaten dituztela. Horrela, gaur egun oraindik ez dakite 2005eko diru-laguntzen zenbatekoa ez eta laguntza hori noiz jasoko duten ere. Horregatik, diru-laguntzen zenbatekoa urteko lehen seihilabetekoan jakin eta ordaintzeko modua egiteko galdegin diote Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari.
Halaber, Kultura Sailak euskaraz idatzitako hedabideei urtero ematen dien aurrekontu-saila 2000tik 3.800.000 eurokoa dela azaldu du. Kopuru horretatik 3.280.000 euro idatzizko prentsara zuzentzen da, eta Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) ere ez dela igo kritikatu du.
Hedabideek "urrats handiak"
Lizasok esan du urte hauetan guztietan euskaraz idatzitako hedabideek "urrats handiak" egin dituztela, ekimen berriak sortu, lehengoak sendotu eta giza baliabideak hobetu baitira. "Hori guztia gure bitartekoekin egin behar izan dugu, bakoitzak jasotako diru-laguntzak gutxitzen joan diren bitartean", gaineratu du.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak euskaraz idatzitako hedabideen sektorea estrategikotzat jotzen duen arren, oraindik sendotasun maila nahikorik ez duela lortu eta laguntza publikoak ezinbestekoa dituela aitortu du.
Azkenik, euskarazko gainontzeko hedabideen egitasmoak (irratiak, ikus-entzunezkoak eta interneteko hedabideak) behar den neurrian babestuak izatea eta beraiek egiten dituzten eskariak aintzat hartuak izan daitezela ere eskatu diote.
Gaiaren inguruko berriak:
Diru-laguntzen esleipena eta kopurua sektorearen beharrizanetara egokitzeko eskatu diote idatzizko hedabideek jaurlaritzari (Topagunea)