Abuztuaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratutakoaren arabera, euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko laguntza eskatu duten Uribe Kostako lau egitasmoetatik hiru "ordezkotzat" jarri ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, balorazioan beharrezkoak ziren 65 puntuak lortu ez dituztelako.
Besteak beste, Berbots Erandion Euskaraz! taldeak bultzaturiko Gazte Txokoa egitasmoa dago aisialdi-lanean diharduten taldeen ekintzetan euskararen erabilera areagotu eta sendotzea helburu duten ekimenen itxarote-zerrendan. Euskara elkarte erandioztarrak 62,45 puntu jaso ditu balorazioan eta lehenengo dago multzo horretan, baten batek kale egiten duen zain. Haur eta gazteen hizkuntza-gaitasuna sendotzeko eta erabilera areagotzeko asmoz antolaturiko berariazko ataleko "ordezko" egitasmoen zerrendan, berriz, Bizarra Lepoan Euskara Elkarteak sustatutako Gazte Txokoa (63,39 puntu), Getxoko gazteen euskara maila hobetzeko ekimena, eta Uribe Kostako Kontsumitzaileen Elkartearen (URKOA) gazteentzako aldizkaria (56,31 puntu) daude, lehengo eta bigarren, hurrenez hurren.
Milioi bat euro
Aurkeztutako 325 egitasmoetatik 87 bazterrean utzi eta 203 diruz lagundu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Beste 35 ekimen, berriz, "ordezkoen" zerrendan daude (bakoitza dagokion multzoan), baten batek huts egin edo dagokion diruari uko egiten dion zain. Guztira, milioi bat euro banatu dituzte eta baliteke diru gehiago bideratzea euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko laguntza eskatu duten egitasmoentzat. Izan ere, antzerki, dantza, musika eta zinearen arloetan jaialdiak, zikloak, lehiaketak eta sariketak antolatzeko diru-laguntzetarako, hasieran ezarritako diru-kopurua handitu egin du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak.