Getxoko Komiki Azokak Olmo marrazkigileari eta Totem liburu-dendari omenaldia egingo die

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 11a, 20:10

Getxoko Komiki Azoka abenduaren 2tik 4ra bitartean ospatuko da aurten, eta laugarren edizio honetan, prentsako tira komikoen munduko marrazkigilerik ospetsuenetako bat omenduko du: "Olmo" ezizenaz ezaguna den Luis del Olmo bilbotarra, hain zuzen ere. Bere eskuetatik sortua da Don Celes (irudian) pertsonaia ezaguna, dagoeneko sei hamarkada bete dituena. Aurten, gainera, Bilboko Totem liburu-dendari ere egingo zaio gorazarre, 25 urteko jarduera dela eta.

Don Celes 1945eko urrian jaio zen, sortzaileak egindako apustu bitxi baten ondorioz, Getxoko Komiki Azokako arduradunek azaldutakoaren arabera. Pertsonaia mutua sortzeko erronka hartu zuen Olmok, tira komikoen bitartez, garai hartan Europako prentsan hain ospetsuak zirenak. Bilbotarrak elkarren segidako 40 istorio sortu zituen elektroteknia ikasketak eta prentsako marrazkilari lanak batera egiten ari zen garai hartan.

Umore grafikoaren munduan, "La Gaceta del Norte" egunkarian hasi zen; han ospetsu bihurtu zituen Profesor Nimbus eta horren pareko pertsonaiak, atzerriko argitalpenetan inspiratuak. Horren adibide da Adamson, Suediako egunkari batean agertzen baitzen. 40ko hamarkadaren erdialdera, lehen aipatutako egunkari bilbotarreko zuzendariak pertsonaia propio bat sortzeko garaia zela erabaki zuen eta horrela sortu zen Don Celes, geroago "El Correo Español" egunkariaren orrietara igaroko zena.

Milaka istorio

Ordutik hona, Olmok 40 mila aldiz marraztu du pertsonaia ezaguna eta 15 mila istorio inguruko protagonista izan da. Don Celesek mugak ere gainditu ditu, lau kontinentetako egunkari eta argitalpenetan agertu da. 50eko hamarkada amaieran hasi zen beste egunkari batzuetan agertzen. Danimarkako "Press Illustration Bureau" agentziako ordezkari batzuk etorri ziren La Gaceta del Nortera beraien istorioak eskaintzera. Orduan izan zuten Don Celesen berri eta eskubideak erostea erabaki zuten, beste herrialde batzuetan erabiltzeko, izen ezberdinekin: Carlo, Troispoils (hiru ile)...

Xumea izatea eta minik ematen ez duen umorea erabiltzea izan dira pertsonaiaren arrakastaren oinarriak. Eguneroko gorabeherek eta "betiko galtzaile" izaerak ere lagundu diote ospetsu egiten Don Celesi, eta tradizioa bailitzan, urtean sei alditan, ongi amaitzen dira bere gorabeherak.

Liburu-denda aitzindaria

Olmorekin batera, Getxoko Komiki Azokak Totem liburu-denda bilbotarra ere izango du protagonista. Totemek 25 urteko ibilbidea bete berri du eta Bizkaiko hiriburuko aitzindarietako bat izan zen komiki salmenta espezializatuan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun