Victoria Francisco eta Dorothy Uyoc-Uytengsu piano bikoteak emanaldia eskainiko du ostiralean Andres Isasi Musika Eskolan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 11a, 20:46

Victoria Francisco eta Dorothy Uyoc-Uytengsu ospetsuek kontzertua emango dute, urriaren 14an, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Filipinar biek unibertsitatean ikasten zutenean hasi ziren elkarrekin pianoa jotzen. Halere, karrera bukatzean, bakoitzak bere bidea hartu zuen. 1998an elkartu ziren berriro pianoa jotzeko, New Yorken kontzertu bat emanez. Harrezkero, Amerika eta Europan gonbidatu dituzte jotzera. Vancouverren (Kanada) bizi dira eta laster diskoa aterako dute, konposizio klasikoekin, garaikideekin eta filipinar konpositoreen lanekin. Ostiral honetako emanaldia 20:00etatik aurrera izango da eta gonbidapenak beharko dira sartzeko.

Victoria Francisco

Victoria Francisco sormen handiko artista da, Getxoko Kultur Etxeko iturriek adierazitakoaren arabera, eta arlo ugaritan aritu da: pianoa, dantza eta musika-tresna etnikoak ederki ezagutzen ditu. Manilan jaio zen, Filipinetan, musikari familia batean. Musikaren munduaren diziplina ugari ezagutu ditu txikitatik. Aitak biolina jo eta abestu egiten en zuen; amak, berriz, pianoa jotzen zuen eta Manilako Laperal Musika Estudioko irakasle izan zen.

Francisco lau urte zituela hasi zen piano eskolak hartzen, Lourdes Villanueva Cruz irakasle zuela. Lehenbiziko kontzertua, bi pianotan, bederatzi urte baino ez zituela eman zuen. Gaztetatik bihurtu zen famatu, Artista Gazteen Manilako Sinfoniako Saria irabazi zuenean, horixe baita Filipinetako musikariek gehien preziatzen duten saria. Lehiaketa horretan Manilako Orkestra Sinfonikoarekin jo zuen, Oscar Yatcoren zuzendaritzapean.

Gero, Maryknoll College-n graduatu zen, ohoreekin, eta Santo Tomaseko Unibertsitateko Musika Kontserbatorioan sartu zen. Musika karrera bukatu zuen bertan, piano espezialitatean, cum laude. Gerora, gradu ondoko zenbait ikastaro egin zituen Hezkuntza Bereziaren alorrean, Filipinetako Unibertsitatean.

Filipinetako Bayanihan Dantza Talde ospetsuan sartu zen, eta bertan tresna etnikoak jo zituen: banduria, oktabina eta kulintang. Talde horrekin batera herri ezberdinetan jardun du.
Denboraldi sabatiko bat hartu ostean, orain dela gutxi itzuli da agertokietara. Besteak beste, Filipinetan, New Yorkeko Steinway Hallen, Vancouveren (Kanada) eta Seattlen (AEB) jo du.

Dorothy Uyboco-Uytengsu

Bere kide Dorothy Uyboco-Uytengsu piano kontzertu emaile ezaguna da, kritikariek eta entzuleek miretsia. Musika kontzertu asko eman ditu, bakarlari gisa, duoan, eta ganbera taldeekin eta orkestrekin. Mundu zabalean jardun du: Paris (Frantzia), Madril (Espainia), Viena (Austria), Alemania, Txina, Filipinak, Peru, Amerikako Estatu Batuak, Kanada, Eslovakia eta Herbehereak.

Filipinetako Davao herrian jaio zen eta Santo Tomaseko Unibertsitatean graduatu zen, magna cum laude emaitzarekin. Gainera, Benavides Saria jaso zuen, Filipinetako Kultur Zentroko Orkestrarekin batera. John Hopkins Unibertsitateko Peabody Institutuan jarraitu zuen ikasten. Hiru urte eman zituen doktore izateko ikasten eta Mendebaldeko Musika Akademian, Kaliforniako Santa Barbaran beka jaso zuen. Kanadako Banff Arte Zentroan beste beka bat eman zioten.

Dale Reubert konpositore kanadarrak Étude (piano bientzako pieza) musikari honentzat idatzi zuen, eta pieza 1996an estreinatu zen. Las Vegaseko (AEB) Pianoko Pedagogiaren Munduko V. Biltzarrean gonbidatua izan zen, 2000. urtean, eta urte berean bi pianorentzako Bruch kontzertua estreinatu zuen Santo Tomaseko Unibertsitateko Orkestra Sinfonikoarekin, Filipinetako Kultur Zentroan. Gaur egun, duoak egiten ditu, taldeekin jotzen du eta irakaslea da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun