Izan zaitez berbalagun!

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 11a, 23:57

Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak abian jarri du ikasturte honetarako Berbalaguna egitasmoa. Ekimen horren bidez, "euskaraz lagunak egin eta euskaldunon arteko loturak sendotu" nahi du Egizuk, euskaldunoi zein euskara ikasten dabilenei "euskaraz bizitzeko esparru berriak sortu eta zaharrak zaintzen" lagunduz. Gainera, Berbalaguna proiektuan euskara sano erabiltzeaz gain, hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak eta kultur eskaintza zabala izango da eskura. Egitasmoan Bizarra Lepoan euskara taldeak eta Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre eta Getxoko Udal euskaltegiek bat egin dute, eta Getxoko Udala, Berba Barri, Bizkaiko Foru Aldundia eta San Nikolas ikastolak lagundu dute. Izena telefonoz, e-postaz, zein Egizuko egoitzan eman daiteke azaroaren 4a baino lehen.

Egizuren oharra:

Kaixo, berbalagun hori:

Egizu Getxo Euskaldun! elkartean martxan gabiltza eta aurten ere proiektuan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu. Helburua euskaraz lagunak egin eta euskaldunon arteko loturak sendotzea da.

Euskaldunok euskararen erabileran eragin behar dugu, eta bide batez ikaste prozesuan dagoenari lagundu. Euskaraz bizitzeko esparru berriak sortu eta zaharrak zaintzea gure esku ere badago.

Horretarako Egizuk badu ikasturte honetarako egitaraua prestatua. Berbalaguna egitasmoan parte hartzeko aukera izateaz gain, areto dantzak eta yoga ikastaroak, hitzaldiak, ipuin kontaketa eta munduaren berri saioak ere badituzu.

Berbalaguna taldeen aurkezpena eta luntxa azaroaren 10ean, osteguna, arratsaldeko 19:30etan Egizuren egoitzan izango da, Aldai Patronatuan: Karitate kalea, 1 Algortan.

Parte hartzeko gogoz bazabiltza azaroaren 4a baino lehen deitu (605 739 916 edo 944 914 357 telefonoetara), mezu elektronikoa bidali egizu@hotmail.com helbidera, edo arratsaldez (ostegunetan izan ezik) bulegora etorri eta elkartuko gara.

Jaso gure eskerrik beroenak, besterik gabe agurtzen zaitugu,

Rozio Luces, Egizuko dinamizatzailea

Argibide gehiagorako:

Izan zaitez berbalagun! esku-orria (pdf)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun