Sozialistek Bizkaiko Foru Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari Leioako metroko geltokia eta EHUko campusa lotuko dituen tranbiaren lanak "lehentasunezkotzat eta premiazkotzat" hartzeko eskatzea proposatuko dute. Hiruko Gobernuko alderdiek, berriz, errepide bidezko garraioa foru aldundien konpetentzia dela gogoratzea baino ez dute nahi.
"Kalitate urriko autobusak"
Abascal PPko legebiltzarkidearen aburuz, milaka dira egunero EAEko hainbat lekuetatik Leioaraino hurbiltzen direnak. Haietatik, arabarrek zein gipuzkoarrek "erosoago eta merkeago" bidaiatzeko konponbidea aspaldi aurkitu zuten, erabiltzaile elkarteetan antolatuz. "Horregatik, Bilbo metropolitanoko biztanleak dira oraingo zerbitzu eskasak kaltetuenak. Ikasleek, irakasleek eta langileek Bizkaibus eta Eusko Trenbideen artean aukera dezakete, baina erabiltzaile horiek kalitate urriko autobusak, maiztasun eskasa, ibilbide luzeak eta bidaia-txartelaren garestitzea salatzen dituzte. Horregatik, botere publikoen parte-hartzea behar da zerbitzua hobetzeko asmoz". Ildo horretan, Abascalek garraio hobea, merkeagoa eta maiztasun ugariagoa lortzeko "behar diren ekimen eta neurri guztietan buru izatea" eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.