Stan urakanak kaltetuentzako dirua eskatzen ari dira Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 13a, 22:14

Erdialdeko Amerikan eta Mexiko hegoaldean 700 hildako eta milaka kaltetu eragin ditu Stan urakanak. Are larriagoa da egoera Salvadorren, Llamatepec sumendiak erupzioa izan duelako bertan. "Azken asteotan bizi den egoera larriaren aurrean, jasotzen ari diren eskaera ugariei erantzuna emateko, guztion laguntza eskatzen du Berangoko Udalak", prentsa-ohar bidez adierazi dutenez. Horretarako, kontu korronte zenbakia (3035 0072 07 0720036248 / Euskadiko Kutxa) jarri du tokiko erakundeak, nahi duenak bertan dirua sartzeko. Bildutako guztia "uholdeek eta sumendiaren erupzioak kaltetutakoen beharrak asetzeko baino ez da izango", udal iturriek nabarmendu dutenez. ARCO erakundeak Salvarrorren daukan ordezkaritza arduratuko da horretaz. (Argazkian, Stan urakanak Monterricorako –Guatemala– errepidean eragindako uholdeak / www.geobloggers.com).

ARCO erakundeak urte ugari daramatza Erdialdeko Amerikan lankidetza proiektuak garatzen, batez ere Salvadorren eta Guatemalan eta "Legediaren arabera osatuta dago", udal iturriek adierazi dutenez. "Bere dirua nora doan jakinaraziko zaio zehatz-mehatz horrela eskatzen duenari", gaineratu dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun