Emakumeen Mundu Martxaren bukaera dela eta, hainbat ekintza egingo dituzte astelehenean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 13a, 22:50

Urriaren 17an amaituko da Emakumeen Mundu Martxa Burkina Fason. Gauzak horrela, astelehenean bertan, hainbat mobilizazio antolatu dira martxaren bukaera dela eta. Plataformak eguerdiko 12etan txirotasunaren, biolentziaren eta diskriminazioaren aurkako ordu beteko ekintzak burutuko ditu Euskal Herriko hainbat herritan. Besteak beste, Algortako Bilgune Feminista taldearen eskutik, Telletxe plazan izango dira jarduerak. (Argazkian, Bilgune Feminista eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Koordinadorak deituta, Arriluzeko kaiatik txalupan abiatu ziren Ibaizabal gora, Uribe Kostako 35 bat emakume, maiatzaren 24an, Emakumeen Mundu Martxa hastearekin batera / Gaztesarea.net).

Euskal Herriko Emakumeon mundu martxarako plataformaren oharra:

Urriak 17: Elkartasun feministako 24 ordu. Emakumeon eskubideen alde beti martxan. 7 Hilabete, 224, egun, 24 ordu

7 hilabete emakumeen mundu martxan, elkarrekin aurrera eginez, pausoz pauso, biolentzia sexistaren eta txirotasuna emakumezkotzearen aurka.

224 egun feminismoaren aldeko lanean, sareak ehuntzen, beste modu bateko mundu bat, emakume nahiz gizonezkoentzako askatasun espazioak dituena, sor daitekeela pentsarazten diguten sareak ehuntzen, alegia.

24 ordu elkartasun feminista adierazten, bazterkeria sortzen duten, mendekotasuna indartzen duten, gure gorputzak kontrolatzen dituzten eta gure ametsak lapurtzen dizkiguten sistema neoliberal eta patriarkal guztien aurka.

Emakumeen Mundu Martxa Brasildik abiatu zen martxoaren 8an, eta 50 herrialdetan zehar ibili da, Euskal Herria barnean hartuta. Bidean, milaka emakume ibili ginen, milaka begiradak egin zuten topo, eta milaka ahotsek egin zuten bat munduari amorruz eta pasioz oihu egin eta oraindik planetaren erdia baino apur bat gehiagori zerbait zor diola esateko: emakumeen eskubideak aitortzea.

Urriaren 17an Martxak bere bidea amaituko du Burkina Fason, Afrikan, eta, horregatik, mundu osoko emakumeek Eguzkiak Lurraren inguruan betetzen duen zikloa jarraituko dugu: eguerdiko 12etan kalera irtengo gara eta txirotasunaren aurka, biolentziaren aurka eta diskriminazioaren arkako ordu beteko ekintzak burutuko ditugu.

Emakumeen Mundu Martxarako Euskal Herriko Plataformakoek dei egin nahi dizuegu ekintza sare hau gaur hemen gelditu ez dadin, eta animatu egin nahi zaituztegu Euskal Herriko emakumeen eskubide eta Aaldarrikapenen gutuna egiteko lanean eta horren gaineko eztabaidan parte hartzera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun