Itzubaltzeta gaztetxearen etorkizuna kolokan

Itzubaltzeta gaztetxearen urteurrena ospatzeko, jai eta kultur egitarau zabala prestatu dute astebururako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 13a, 23:06

Urriaren 14tik 16ra bitartean guztientzat dibertigarria izango den kultur eskaintza oparituko dio bere buruari urte bat bete berri duen Itzubaltzeta gaztetxeak. Asteburu horretako egitarauari dagokionez, txupin baten bidez emango diote hasiera ostiral honetan, arratsaldeko 20:00etan. Ondoren, mokadu bat hartzeko eta zintzurra bustitzeko parada izango da. 22:00etan, berriz, antzezkizunen zaleen ordua izango da, gaztetxean bertan antzez emankizuna izango baitute. Eta egunari amaiera emateko, ordu bat beranduago oholtza irekia izango da, guztiok barruan daramagun artista plazaratzeko. (Argazkian, Itzubaltzetan burutu izandako UKGAKen aurkezpena).

Larunbatean, idatziak zein margoketak era librean egiteko azalera egokia prestatuko dute gaztetxeko kanpoaldean. Egun osoan zehar, larogeiko hamarkadari omenaldi ironikoa eginez, mozorro eguna izango da. Goizean, tabernaz taberna trikitrilariak arituko dira herria alaitzen. Beranduago, 14:00etatik aurrera, herri bertso bazkaria izango da gaztetxean. Arratsaldean, berriz, jolasteko aukera egokituko zaie han bildutakoei.

Musikaren txanda 20:00etan izango da, Kagadero herriko talde lokalaren eskutik. Ondoren, gaztetxeko hainbat kidek konposatutako ezusteko abestia entzuteko parada izango da. Eta gauari hasiera emateko erromeria hasiko da.

Egun motela

Igandean, berriz, egun lasaia izango da, eta 19:30etik aurrera lehenengo zein oraingo Itzubaltzeta gaztetxeek egindako ekintzak bideo eta argazkien bidez gogoratuko dute. Azkenik, hiru egun hauetan zehar argazki erakusketa ikusgai izango da gaztetxearen beheko solairuan, inauteriak, okupazio zein desalojoen, sanjuanak edo gaztetxeetan egindako festibalen irudiak bilduz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun