Antonio Vegak emango die hasiera, gaur, Leioan, Udazkeneko Kontzertuei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 14a, 14:58

Udazkeneko Kontzertuak 2005 zikloak, beste urte batez, bere ibilbideari ekin dio, estilo ezberdinetako musika arloko jarduera Bizkaiko bost udalerritan zabaldu eta hedatzeko: Leioa, Ermua, Zalla, Getxo eta Arrigorriaga. Guztira 26 kontzertu izango dira, urriaren 14tik abenduaren 17ra bitartean, ikuskizun-mota ugari eskainiko dituztenak, musika klasikoa eta antzinakoa, gaurkoa, bertako taldeak eta artista berriak, baita nazioarteko talde ezagunak. Esan bezala, Antonio Vega abeslariak (argazkian) izango du jardunaldiak zabaltzeko ardura, gaur bertan, Kultur Leioa aretoko auditorioan, “3.000 noches con Marga” izeneko bere azken lanarekin. Emanaldia 20:30etik aurrera izango da, 15 euroren truke. Azken kontzertua ere Leioan bertan izango da, Benito Lertxundiren eskutik.

Atzo egindako prentsaurrekoan eman zuten ezagutzera aurtengo Udazkeneko Kontzertuak ekimena Belen Greaves Bizkaiko Kultura diputatuak eta, foru erakundearekin batera, jardunaldien antolaketan parte hartzen duten udaletako alkate edo kultur arduradunek. "Helburu nagusia musika arloko kreazio berriak ezagutzera ematea, instrumentista berriak laguntzea eta sustatzea eta Bizkaian, artea eta interpretazioari dagokionez, nazioarteko eta estatuko kalitatedun taldeak aurkeztea da", Greavesek adierazi zuenez. Gauzak horrela, "oinarrizko xedea kalitatezko egitarau zabala eta anitza eskaintzea izango da, ahalik eta jende kopuru handienarengana heltzeko", ahaldunaren hitzetan.

Abiapuntu horretatik, Udazkeneko Kontzertuak 2005 ekimenak 26 kontzertu eskaintzeko asmoa dauka, Leioa, Ermua, Zalla, Getxo eta Arrigorriagak osatutako zirkuituan, urriaren 14tik abenduaren 17ra bitartean. Besteak beste, honako emanaldiak nabarmendu daitezke: Golden Apple Quartet, Gari, Pirineos Jazz Prchestra... eta Leioan izango diren lehenengo eta azkeneko emanaldiak: Antonio Vega, gaur, eta Benito Lertxundi, abenduaren 17an, hurrenez hurren.

Udazkeneko musika-aste hauek Bizkaiko Jaialdiak izeneko egitarauaren zati bat dira. Ekimen horren barruan Udako Kontzertuak zikloa ere sartzen da. Aurten, guztira, 91 kontzertu eskainiko dira 14 udalerri bikaitarretan: udan egindako 64ak eta udazkeneak egingo diren 26ak. Aurrekontuari dagokionez, 504.000 euro ingurukoa da aurten, Bizkaiko Foru Aldundia eta udalerrien artean ordaintzen dena.

Antonio Vega

Antonio Vegak orain arte ezohikoa izan den sorkuntzarako askatasuna izan du, adituen esaten dutenez, eta den-dena eman du zeregin horretan. Bere kobazulotik irten da, indarrak atera ditu bere ahultasunetik, eutsi egin die tentazioei, ohiturak garaitu ditu, “3.000 noches con Marga” izeneko album honetako momentu eta nota bakoitzari, erantzuteko behar zuen argitasuna eta energia lortzeko asmoz.

Antonio Vegak ereduak hautsi ditu konposizioan, ume baten moduan jolas egin du eta bere literatur, musika eta hezkuntza fondoa erabili du, batez ere hirurogeiko hamarkadako bere nerabezarokoa eta gaztarokoa. Lan titaniko honen emaitza diren zazpi abestiek eta bi pieza instrumentalek Antonio Vega intimoa erakusten digute, askoz ere kanporakoiagoa, ez hain iluna eta adeitsuagoa bere buruarekin, argiagoa eta zuzenagoa. Poz-pozik dago; harroago dago disko honetaz, bakarrik edo Nacha Pop taldearekin grabatutako beste edozeinetaz baino.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun