Barakaldoko emakumearen erailketa asteleheneko mobilizazioen barruan salatuko du Algortako Bilgune Feministak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 14a, 16:39

"Azkenean, Barakaldoko emakumearen erailketa salatzeko, ez dugu normalean 48 ordutara deitzen dugun kontzentrazioa egingo. Urriaren 17ko egitarauan txertatuko dugu", jakinarazi dio UKBERRIri Lur Moragues Algortako Bilgune Feministako kideak. Gauzak horrela, Emakumeen Mundu Martxaren bukaera dela eta, astelehenerako deitutako mobilizazioen barruan izango dute gogoan, aurreko astean bezala, asteazken honetan ere "indarkeria sexistak beste hildako bat utzi duela". (Argazkian, joan den asteko Bilboko 68 urteko emakumearen erailketa salatzeko Algortako Bilgune Feministak urriaren 7an egindako elkarretaratzea).

Gizonezko bat atxilotu zuten atzo Barakaldon ertzainek, bikotekidea hiltzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak aditzera eman duenez, emakumearen hilotza asteazkenean aurkitu zuten, 15:00etan, bere etxean, San Bartolome kalean. Nola hil zen argitzeko asmoz, autopsia egitera eraman zuten emakumearen gorpua. Eta, hain justu, auzi-medikuen txostenean oinarrituta erabaki zuten atzo ertzainek emakumearen bikotekidea atxilotuta eramatea.

Antza, autopsia egitean indarkeria zantzuak aurkitu dituzte hilotzean, eta, ustez, bikotekideak hil zuen, ertzainen arabera. Hildakoa 38 urteko emakume bat zen. Ustezko hiltzaileari buruzko daturik ez du publiko egin Herrizaingo Sailak. Hildako emakumearen izenik ere ez dute jakinarazi.

Aurreko astean beste emakume bat eraila

Urriaren 4an, berriz, Ertzaintzak 68 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuen Bilbon, Miribilla inguruan kokatutako etxe batean. Emakumeak, indarkeria seinaleak zituen. Ondoren, haren semea aurkitu zuten etxeko beste gela batean eta atxilotu egin zuten amaren heriotzarekin zerikusia zuelakoan.

Odol hondakinak zeuden geletako batean aurkitu zuten emakumearen gorpua; beste gela batean, haren semea zegoen. Azken honek ere hainbat lesio zituen, dirudienez, aizto batekin egindakoak. Zauritua Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten. Egindako lehen ikerketei jarraiki, Ertzaintzak hildakoaren semea atxilotu zuen hilketarekin zerikusia izan zezakeelakoan. Asteazken honetan, gizona urkatuta agertu da Basurtuko ospitalean zegoen gelan.

Asteleheneko mobilizazioak

Bilboko 68 urteko emakumearen erailketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten joan den ostiral arratsaldean, Algortako Bilgune Feministako kideek, Telletxe plazan. Asteazken honetan hildako Barakaldoko emakumea, berriz, astelehenerako deitutako mobilizazioen barruan izango dute gogoan.

Urriaren 17an, Algortako Telletxe plazan:

12:00etatik aurrera:

- Luntxa.
- Eskuorri banaketa (Emakumeen Mundu Martxaren amaiera iragarriz, eta Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Kartaren berri emanez).
- Informazio-gunea (panelak...).

12.45ean: Kontzentrazioa: “Emakumeok gure eskubideen alde beti martxan”.

Halaber, astelehen arratsaldean herrialdeetako hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitzen du Algortako Bilgune Feministak. Bilbon, Arriagatik abiatuko da, 19:30ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun