Gizon gazte bat atxilotu dute emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 15a, 15:45

Portugaleteko 25 urteko mutil gazte bat atxilotu dute Erandion kalean zihoan emakumezko bati sexu erasoa egiten saiatzeagatik. Atzo goizeko sei eta erdietan gertatu zen eraso saioa: garajera zihoan emakumezko bat, ustezko erasotzaileak bidea moztu zionean. Biktima ihes egiten saiatu zen, baina erasotzaileak harrapatu egin zuen, eta sexu erasoa egiteko saioa egin. Hala ere, andrazkoaren laguntza eske garraisiak tarteko, alde egin zuen erasotzaileak. Ertzaintzak gertakarien berri izan eta lasterrera atxilotu zuen 25 urteko A.R.R., hantxe inguruan.

Ostiral goizean, atxilotu zuen Ertzaintzak A.R.R. 25 urteko portugaletearra, Erandion, ustez emakumezko bati sexu-erasoa egiten saiatzeagatik. Erasotzaileak kaletik zihoala gelditu zuen andrazkoa eta, indarrez, hari arropa kentzen saiatu zen. Lurrera ere bota zuen. Goizeko seiak eta hogeita bostean, horren berri izan zuen Ertzaintzak.

Hiritarren segurtasunerako patruila bat hara gerturatu eta, garaje baten sarrerara hurbiltzen ari zenean, gazte batek besoekin bortizki inguratu ziola gorputz osoa adierazi zien biktimak. Emakumea ustekabean harrapatu zuen erasotzaileak, baina erreakzionatu ahal izan zuen eta, handik ihes egiten saiatuta, haren besoetatik askatzea lortu zuen. Metro batzuetara, berriro harrapatu zuen gizonezkoak eta txamarra kendu eta jertsea bururaino igo zion. Borrokan aritu eta gero, lurrera bota zuen emakumea indarkeriaz, hankak eta eskuak zaurituz. Andrazkoak etengabe laguntza eskatzen zuenez, erasotzaileak handik alde egin zuen. Ondoren, hainbat pertsonek emakumea lagundu zuten.

Epaitegira

Ordu laurden geroago, ustezko erasotzailearen ezaugarriekin bat egiten zuen gazte bat aurkitu zuen beste patruila batek, erasoa gertatu zen lekutik gertu. Bera zela egiaztatu zutenean, atxilotu egin zuten, sexu-eraso ahalegin baten ustezko egilea izatea egotzita. Atxilotua Bilboko Epaitegira eraman zuten atzo, beharrezko izapideak amaitutzat eman eta gero.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun