Sopelan eraikiko diren 75 babestutako etxebizitzak zozketatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko urr. 17a, 20:45

Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako sailburua, Sopelako Udaleko Imanol Garai alkatea, Ricardo Ibarra hirigintzarako zinegotzia eta Jose Vicente Ojinaga EB-Berdeen zinegotziaren babespean Jose Antonio Gonzalez notarioak Etxebidek antolatutako 75 Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) zozketa eraman du aurrera Larrabasterrako Urko polikiroldegian gaur goizean. EAJ eta EB-Berdeen politikarien aurrean zozketaren emaitza jakiteko irrikitan zeuden 300 bat bizilagun eta bere protesta agertu duten Sopela Aurrera herri plataforma zein Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideak izan dira. Bere aldetik, Madrazok 650 eta 800 arteko BOE berriak eraikitzeko asmoa azaldu du. Argazkian, erdian, Imanol Garai eta Javier Madrazo.

Sopelako metro geltokitik hurbil, trenbidea eta Olabide kalearen artean dagoen 9.1 eremuan egingo dituzten babes ofizialeko 46 etxebizitzen zein Sipiri kaleko plazatik hurbil dagoen Zaldu zonaldeko gainontzeko 29 BOEn behin-behineko jabeak nortzuk diren jakina da dagoeneko eta zerrenda osoa hemen (pdf) begira daiteke. Dena den, Antonio Gonzalez notarioak gogoratu duenez, hemendik bi edo hiru astetara behin-behineko jabeek emaitzaren ziurtagiria jasoko dute, eta orduan hasiko da Etxebide norberaren baldintza ekonomikoak berraztertzen edota gaur izandako bikoizketak kontuan hartzen. Horregatik, gogoratu dute "itxarote-zerrendan mugimenduak izango direla".

Geroago, hemendik urte batera edo, notaritzatik pasatu behar izango dira BOEren behin-behineko jabeak, orduan finkatuko baita norena izango den etxebizitza bakoitza. Azkenean, 2007ko abenduan, geltoki ondoko 46 etxebizitzen giltzak emango dituzte, baina baliteke sei hilabete lehenago Zaldukoek beren pisuak estreinatu izana.

900 edo 1.000 etxebizitza gehiago

Javier Madrazo sailburuak gogoz baloratu du gaurko zozketa, "Sopelan dagoen etxebizitza eskuratzeko arazoari" ematen ari den erantzun oso baten barruan kokatuz. Horrela, Sopela "adin eta ahalmen ekonomiko guztientzako" udalerria izateko norabidean eta "ausardia politikoz" jokatuz gero, gaurko 75 "etxebizitza ederrei" Abaro eta Erripako proiektuen 650 eta 800 bitarteko etxebizitzek jarraituko dietelakoan dago sailburua. Aginduen orduan, Garai alkatea ez da atzean gelditu eta udalari dagokionez, beste 130 BOE bultzatzen ari dela iragarri du, tartean Loiola inguruan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun